1990eko
otsaila. “Argia” astekariko “Hau
ez da gezurra” zutabean Fermin Muguruzak iragarri
zuen esku artean proiektu berri bat zuela eta lehen
diskoa grabatzear zegoela. Iñigo anaiarekin
eta Trekurekin batera Kortatu taldearen aroa amaitu
eta gero, Muguruztar biek eta M-ak taldeko eta azken
zuzenekoetan Kortatuko laugarren kide zen Kike Arkarazok
musika-bidaia berri bati ekin zioten: Negu Gorriak.
Mikel Laboaren omenaldian parte hartu eta gero,
luze itxaron gabe kalean zen Negu Gorriak. Estreinaldiak
oinarrizko soinu ildoak ezarri zituen: rapa eta
rocka, eta diskurtso berriztatua. “Radio Rahim”
aurkezpen txartel ezin hobea izan zen.
Urte hartan, taldearen sortzeaz batera, mugarri
izan zena heltzeko zegoen. Abenduaren 29an Herrera
de la Manchako espetxerako urteko martxarekin bat
egin zuen taldeak. Han zuzenean ez jotzeko aldia
eten zuten. 10.000 pertsonarekin batera, amorrua,
berotasuna eta indarra zabaldu zuten kartzela espainiarreko
hormen aurka. Egun lainotsua izan zen, hotza, bizia,
handia. Hirukotea laukote bihurtu zen: “Anestesia”-ko
Mikel Kazalis baxu joleak sutsuki jo zuen.
|