1 2 3 4 5 6  
 
   
Itxurakeriari Stop!! Hipocrisy tour 93: taldearen egunez-egunekoa
El Salvadorreko hauteskundeak 1994: NG Brigadaren abenturak
Ideia Zabaldu tour 95: liburua sarean
On the road: datu eta kontzertu guztiak
   

 

 

 

 

 

     
 

FERMIN MUGURUZA

 1993KO IRAILAK 3, OSTIRALA
 
Goizaldeko 6:30ean Irungo Bertso Hopetik irten gara Iñigo, Jitu (taldearen txoferra) eta neu, aurreko egunean bete genuen furgonetarekin. Donostiarantz joan gara, bertan Pintza (Mikel BAP!!) hartu dugu, eta gero Usurbilera joan gara, han dugu zain goizeko 7:00etan eskifaia: Mikel Anestesia, Kaki eta Anjel Katarain. Handik Zurichera abiatu gara. Bidaiak 16 ordu iraun du eta birako lehen pasada izan da, furgonetak oraingoan ekipamendu ona duen arren (bideoa, bakarkako eserlekuak, mahai tolesgarria, hozkailua...). Zurichen, Felgenen etxera joan gara, eta espageti ezin gozoagoak egin dizkigu, leher eginda loak hartu baino lehen.
 
 IRAILAK 4, LARUNBATA
 
“Züritipp”-erako elkarrizketa laburra egin eta gero, Hohenemsera (Austria) joan gara, Suitzako mugatik kilometro batzuetara. Jaialdi bat da, zortzi talderekin, horietatik sei austriarrak dira –H.P. Zinker bakarrik gogoratzen dut–, eta atzerriko bi talde baino ez: Jesus Lizard eta geu. Gure harridurarako amerikarren ondoren jo dugu. Aluzinatuta utzi gaitu: zuzenean indartsuak dira, eta kantariak mozkor eginda eszenatoki pean sortutako lokatz artean amaitu du. 1.000 pertsonaren aurrean jo dugu, baina lokatza dela-eta urrutitik begiratu behar izan dugu. Europa erdialdeko manager Pipo tripulatzaile berriak esan digu Jesus Lizardiko baxu joleak jo eta su ibili dela dantzatzen, eta kontzertua amaitu eta gero zoriontzen joan dela.
 
 IRAILAK 5, IGANDEA
 
Goizeko 8:00etan Pragara joateko atera gara. Txekia herri berriaren muga, gainerako guztien moduan, absurdua. Baina, gainera, askoz ere burokratikoagoa. Jendeak Pragaz hitz egin digu, hiri ederra dela eta. Baina ez daukagu astirik ezertxo ere ikusteko, berandu heldu baikara soinua probatzeko. Salak Bunker dauka izena, eta herbeheretar birena da. Itzelezko ajearekin hartu gaituzte, aurreko egunean Babes In Toyland taldeak jo du-eta.

Pragan jotzen dugun lehen aldia da, eta 250 pertsona etorri dira gu ikusten. Kontzertuan ondo baino hobeto pasatu dute. Pleasure Fuckersekoak hemendik ere igaro dira. Hotela, hotza eta funtzionala. Polonian ikusi genituen arkitektura sobietarreko eraikinak ekartzen dizkit gogora.

 
 IRAILAK 6, ASTELEHENA
 
Vienarantz joateko azkar-azkar atera gara. Arenan jo dugu, bi urte lehenago jo genuen lekuan. Lehen zatian Leizpig Messer Banzani alemanak, euren ska-reggae antifazistarekin. Saxo joleak Mr. Review taldean ere jotzen du, Herbeheretan. Afaria nahiko eskastxo izan da-eta, gose gara. Saltxitxongak (saltxitxa potoloak) jan ditugu. Antolakuntzakoek super luxuzko hotela ordaindu digute.
 
 IRAILAK 7, ASTEARTEA
 
Egun osoa bidaiatzen eman dugu: Vienatik Florentziara. Austriako restop batean gelditu gara, garestia, baina merezi izan du. CPAra (zentro autogestionatu herritarra) leher eginda heldu gara, baina ongi etorri zoragarria egin digute. Italian gaude.
 
 IRAILAK 8, ASTEAZKENA
 
Italian egingo ditugun lau kontzertuak Banda Bassottik antolatu ditu, redskinak dira eta kontzertuetan gurekin batera joko dute.
Izandako lantegi okupatua da CPA, –egunero elkartzen dira ehunka gazte eta ez horren gazte euren seme-alabekin. Boleibol zelaia, liburutegia, gimnasioa, sukaldea, taberna eta kontzertu-aretoa dauzka. Dena autogestionatua.

Patioan gure kontzerturako pantaila erraldoia prestatu dute. Ping-pong mahaiak daude patioan. Izan ere, aretoak 600 pertsona baino ezin dira sartu. Biraren lehen kontzertua da, eta mugan sentitzen naiz. Gainerakoak berdin daudela sumatzen dut. Isostar hori ez da ezertarako izan. Apurtuta amaitu dugu. Liftibiako kantariak agurtu gaitu, eurekin jo genuen Mexikon. Mendira joan gara lo egiten, leku haluzinagarri batera. Pixka bat “Novocento” pelikulako landa etxeak gogora ekartzen dizkit. Etxekoak xarmagarriak dira.

 
 IRAILAK 9, OSTEGUNA
 

Florentziatik Erromara. Abiatu baino lehen, taldekoek titiak eta behi giltzurrunak jaten gonbidatu gaituzte, Tripaggio jatetxe tipikoan, hau da, Ezzio kalearen erdian dagoen furgonetan. Kaki, Anestesia eta Anjelek paso egiten dute. Iñigo, Pintza eta neu baino ez gara ausartu.

Honezkero, euskaldun zoroen “trouppe”-a batu zaigu. Batzorde baten moduan jarraituko gaituzte (Xabi Anskolo, Carmelo Bilboko Gaztetxekoa, Joseba, Koldo Zurt eta Barakaldoko txoferra).