|
|
|
|
|
URRIAK
5, ASTEARTEA |
|
Pipo
eta Rafik utzi egin gaituzte, Philippe 50eko
hamarkadako kotxean joan da. Bakarrik joan
ez dadin, neu berarekin joan naiz Liejara.
Mano Negraren Ameriketako birako gauzak kontatu
dizkit, proiektuak, etab.
Espagetiak jan ditugu, Hergék munduko
kafe guztiekin dekoratu duela dirudien lokal
batean.
Agora aretoan jo dugu, 400 pertsonentzako
lekua dauka; gurekin, Slugsekoak (oso txarrak)
egon dira, eta antolakuntza New Futuren ardura
izan da (anarkistak, oso enrollatuak). Emanaldia
indartsua izan da, Mikelek atzean jotzen jarraitu
arren. Faltan dut nire ezkerraldean.
Lokalean bertan afaltzen eman digute. Katarainek
zortzi talego irabazi ditu, vodka botila erdi
bat edana. Espero zitekeenez, leku guztietan
ok egin du. Birako lekurik txarrenean egin
dugu lo, baina gosari itzela izan da.
|
|
URRIAK
6, ASTEAZKENA |
|
Lillerantz
abiatu gara. Frantziako lehen kontzertua arrakastatsua
izan da. Belgikan eta Herbeheretan Play It Again
Sam enpresak banatzen ditu gure diskoak; hemen,
berriz, Mélodiek, eta aurretik Danceteriak.
Urban Navajosekin jo dugu Imagine lokalean,
500 pertsonentzako lekua. Hotel on batean egin
dugu lo, eta berotzen hasi gara Paris erasotzeko.. |
|
URRIAK
7, OSTEGUNA |
|
Parisera
joan gara, promozio eguna dugu zain. Gure
lagun zaharrei bisita egiteko eguna ere bada.
Patchankan (Mano Negrakoen lokala) jende guztiarekin
egin dugu topo, Manurekin izan ezik. Italian
dago, disko berria nahasten. Prentsaurrekoan,
interesa handia duen jende asko etorri da.
Birako afaririk txarrenetarikoa egin dugu.
Mikel Anestesiak gurasoak ikusten joan da,
oporretan daude. Pintza eta biok Pigallen
buelta bat egin dugu eta Rage Against The
Machine entzuten den taberna batean zerbeza
batzuk hartu ditugu, lasai. Gero Negu Gorriak
ipini digute, gure egoa elikatzeko. |
|
URRIAK
8, OSTIRALA |
|
Ordu
biak arte goiza libre izan dugu, soinu proba
dugu. Kamiseta eta txapel paristarra erosi
ditut, Bilboraino lagun egingo didatenak.
Soinu probetan Euskal Telebistako jendea etorri
da, eta gurekin emango dute eguna “Ikimilikiliklip”
programarako erreportaia egiteko. Farenheit
ezagun zaharrek kontzertua antolatu dute,
Elysee Montmartre aretoan. 1200 pertsonentzako
lekua. Lehen zatian Hoax taldeak jo du. Areto
honetantxe 1990ean Red Hot Chilli Peppers
ikusten egon nintzen, “Mothers Milk”
biran. Parisen jotzen dugun hirugarren aldia
da, eta aretoa beterik dago. Monitoreekin
arazoren bat izan dugu, baina bukaeran denak
etorri dira gu zoriontzeko. Aldagelan, parranda
hutsa. Denak elkarrekin, Dirty Distric, Ludwing
Van 88, F.F.Fko kantaria..... Kontzertuaren
ostean, brigada paristarrek ondoko taberna
batean festa antolatu dute. Goizeko ordu txikiak
arte geratu gara. |
|
URRIAK
9, LARUNBATA |
|
Renneserantz
abiatu gara, Bretainiako hiriburua. Aurton
beste behin jo dugu Bretainian Poison Idea
eta That Petrol Emotion taldeekin. Beraz,
Rockambolesque aretoa bete egin da. Amaieran,
eszenatokiaren inbasioa barne. Gurekin jo
duen taldeak Honorius Spirit dauka izena,
eta bretoieraz kantatzen dute. Parisen, Mikel
berriro ere eszenatokian aurrera etorri zen.
Gaur bat egin dugu, inoiz baino gehiago. Afaria
ona izan da, eta hotela, kristorena. |
|
URRIAK
10, IGANDEA |
|
Philipek
Nantesen joteko proposatu digu, Manu Chaorekin
batera, “show” ustekabe batean.
Guretzat kristoren egurra da, segidako bosgarren
kontzertua da-eta, baina baietz esan diogu,
pozik, oraingoz. Emanaldia taberna txiki batean
izan da, kalitate handiko portugaldar batena.
Oilasko pikantea eman digu jaten. Mano Negraren
kontzertua urteko lehena da. Taldea aldatu
dute, Toño, gitarra jolea eta baxu
jolea joan dira eta Fidel (Todos Tus Muertoseko
kantari argentinarra) sartu da. “Sampler”
kontaezinak. Gehiago aritzea falta duten arren,
hemendik gutxira izango diren lehergailua
ikus daiteke. Geu dinamita bezala irten gara,
eta lokala bete duten 150 pertsonak hormatik
gora ibili dira.
Portugaldarrak txerrikumea egin du, baina
Pintza eta biok eta Mano Negrakoek baino ez
dugu jan. Beste guztiak goian lo egiten saiatu
dira. Era guztietako kantuak, eta berriro
ere: “Por la mañana sale el sol...”
|
|
|
|