|
|
|
|
|
IRAILAK
18, LARUNBATA |
|
Egun
librea aprobetxatu eta girotutako igerileku
bateko gatz-bainuetara joan gara. Iodo bainua
nire gogokoena izan da. 20 minutu baino ezin
zara egon. 30 minutu egon naiz eta lelotuta
atera naiz. Gauez Voltrogera joan gara, etxea
husteko agindua dela-eta gerran dagoen etxe
okupatua. Barrikadek ere zelatariak dituzte. |
|
IRAILAK
19, IGANDEA |
|
Munichera.
Piporen anaia Rafi gurekin etorri da furgonetan.
Bera izango da taldearen kamisetak eta CDak
saltzeko arduraduna. Buzzcocks, The Goats,
Sick Of It All eta Bad Brains taldeen kontzertura
joateko heldu gara, baina lehengo biek jo
eta gero. Beste biak, itzelak, baina denok
HR saminez oroitu dugu. Kontzertua aireportu
ohian izan da, zarratu zutenean okupatu egin
zuten eta. Bi areto ditu, eta gurean 3.000
pertsona sartzen dira. Bestean bihar joko
dugu, eta 1.000 pertsona sartzen dira . |
|
IRAILAK
20, ASTELEHENA |
|
Arropa
garbitzea. Garbigailuak behar duen denbora
aprobetxatu eta Municheko alde zaharrean paseoa
egin dugu. Garagardoaren jaia da (Oktoverfest),
eta goizeko giroak Iruñekoa ekartzen
dit gogora. Kontzertua United Colors of Revolution
moduan iragarri dute eta Funk Addicts-en (Munich)
jo dugu P.N.A.T.S.H. (Berlin), Tapia eta Leturia,
eta geuk. Nabari da astelehena dela, azkenak
izan arren, kontzertua nahiko hotza izan da.
500 pertsona, eta azken kantuetan baino ez
dira mugitu. |
|
IRAILAK
21, ASTEARTEA |
|
Egun
osoa dugu bidaiatzeko, gauean Berlinen jo
behar dugu. Taldea animatuta dago, hemen duela
bi urte egin genuen kontzertua “Gora
Herria-Power to the people” birako onenetarikoa
izan baitzen. Alemaniako autopistetako auto
ilara tipiko batean gaude, eta horrek bide
alternatiboak hartzen behartu gaitu. Horren
ondorioz, hainbat ordu beranduago heldu gara
Berlinera. Hiria hartuta dago, Turkiako goi-agintarien
bisitak komunista turkiarrak eta kurduak borrokarako
prest jarri ditu.
Kontzertua KABekoek antolatu dute (lokal okupatua,
duela urte askotatik kontzertu alternatibo
gehienak kudeatzen dituena), eta Tu Mensan
(Unibertsitatea) izan da. Denek ekipoa jaisten
lagundu digute. Neilekin (Anestesiako kantaria)
topo egin dugu, eta bere lagun batekin. Mikel
inoiz baino gogo handiagorekin irten da. Kontzertua,
Berlin beti izaten den moduan, jaia da. Tapia
eta Leturiarekin egiten ditugun bisek soinu
dorreek ere dantzan egitea lortu dute.
Kontzertuaren ondoren, Kreuzberg auzora joan
gara. Bertan eszena autonomoak agintzen du.
Zerbeza ugariren eta kebaben artean agur esan
diegu Tapia eta Leturiari, bihar Euskadira
itzultzekoak dira.
|
|
IRAILAK
22, ASTEAZKENA |
|
Egutegian
moldaketak egin behar izan ditugu, Lundeko
(Suedia) emanaldia bertan behera geratu baita.
Beste bat lortu dugu Hanburgon. Bertan hainbat
eskaintza egin izan digute, eta Kopenhageko
kontzertua 24an jarri dugu.
Berlinetik Hanburgorako bidea laburra da.
Portu aurrean dauden etxe okupatuek Hafenstraassee
auzoa osatzen dute. Gaur egun zentsuratu duten
RAFen (Rote Army Fraction) aldeko muralengatik
ospetsua da auzoa. Bertan gelditu gara eta
kontzertua egin dugu. Eguneko txistea izan
da eszenatoki ertz batean topatu dugun txakur
gorotza. Arratsaldean, Tintinen ipuin onenetako
museoa izan zitekeena. Museoa gauzez josita
dago. Bizar zuria ia zoruraino heltzen zaion
agure ero bat arduraduna da, eta berak ekarri
ditu Afrikatik eta Asiatik gauza gehienak.
Momentu batean fetitxe eta animalia disekatu
guztiek begiak gugan jarri dituzte, eta ikaratuta
irten gara.
Oiartzun eta Errenteriako lagun zahar batzuk
ere Hanburgon daude, eta ikaragarri ondo egon
gara eurekin.
Baldintza teknikoak oso txarrak izan arren,
emanaldia indar handikoa izan da. Publiko
artean, garrasika eta dantzan jo eta ke dabiltzan
txiletarrak nabarmendu dira. Han ere egon
da Laurent, Bèrurier Noir taldeko gitarra
jole ohia, gaur egun farandula-zirko-rock
talde batean dabil eta Hanburgon dago. Gainerakoak
antifaxistak, anti-inperialistak, antiarrazistak,
autonomoak eta feministak dira. Gure publikorik
onena. Beti.
|
|
IRAILAK
23, OSTEGUNA |
|
Danimarkarantz
irten gara, agur esateko prestatu diguten
gosari itzel baten ondoren. Ferryan jan dugu,
eta Kopenhagera heldu garenean, etxe eder
batean jarri gaituzte. Oslorekin asko akordatu
gara: isiltasuna, kaleak, jendea...
Cristania bisitatu dugu. Egunotan albisteetan
agertu da. Bigarren botazioan Maastrichten
aldeko baiezkoa dela-eta, liskarrak izan dira
eta poliziak benetako balekin tiro ere egin
du.
Cristaniako esperientzia 68an hasi zen, hainbat
hippyk bertan behera utzitako kuartel militar
bat okupatu zutenean. Gutxika-gutxika jendea
batu zen eta gaur egun benetako herri autogestionatua
da, 1000 pertsona bizi dira. Kontseilua dute,
tabernek eta jatetxeek zergak ordaintzen dituzte.
Bizikleta lantegia, egunkaria, irratia, kontzertu
aretoa, eta droga gogorrak kontsumitzea debekatuta
dagoela dioten kartelak. Pizza buffet batean
afaldu eta bete-beterik irten gara. Apustuak
taldearen kirol gogokoena da, eta gaur gauean
Pintza eta Iñigo ia konbentzitu ditugu
pizza jateaz lehertzeko, talego batzuen truk. |
|
IRAILAK
24, OSTIRALA |
|
Emanaldiaren
lekua lantegi bat da, ondo egokitua eta udalak
utzia, okupazio mugimenduak duen indarra dela-eta.
Jendea ezin hobeto pasatu du, baina gehienak
mozko-mozkortuta daude. 150 pertsona baino
ez dira etorri, ez dago gaizki, kontuan hartzen
badugu Fugazzik lehengo aldiz jo zuenean 75
pertsona baino ez zeudela. |
|
IRAILAK
25, LARUNBATA |
|
Irundik
telefonoz deitu eta esan didate bi euskaldun
komisarian hil direla. Bata Txato da, gure
artean oso ezaguna. Goragalea izan dut. Pipok
geltokira lagundu, eta “El Pais”
erosi dut.
Rostockerako bidea, Alemania Demokratiko ohira,
isilik egin dugu.
Ferryan jan dugu. Hirian sartzean, emigranteak
bizi diren etxe blokeak ikusi ditugu. Neonaziek
eraso zien emigranteak dira, herritarren ia
erabateko onespenarekin. Gero eta jende gehiagok
galdetzen dio bere buruari horma botatzeak
izan duen eraginaz: langabezia (batez ere
emakumezkoen kalterako), etxebizitzaren arazoa,
arrazismoa, Alemania handi baten ideiak (nazia,
jakina) gorantz egitea.
Jo dugun aretoa gaztetxe ohi bat da: bideo-aretoa,
entseatzeko areto bi, diskoteka, taberna,
argazki tailerra eta logelak (bertan egingo
dugu lo).
Antolaketa bikaina da, baina sentsazio arraroa
dago giroan: beldurraren eta tristeziaren
nahastea. Ez dugu kontzertuaz disfrutatu.
Berlinetik lagun batzuk etorri dira, euren
artean bihotz handiko palestinar bat, eta
larunbateko azken orduak igaro ditugu eurekin.
|
|
|
|