1 2 3  
   
Itxurakeriari Stop!! Hipocrisy tour 93: taldearen egunez-egunekoa
El Salvadorreko hauteskundeak 1994: NG Brigadaren abenturak
Ideia Zabaldu tour 95: liburua sarean
On the road: datu eta kontzertu guztiak
   

 

 

 

 

 

     
 
FERMIN MUGURUZA
Urteak generamatzan proiekto hau prestatzen, eta haruntz abiatzeko dena prest zegoela zirudienean, Kakiren ezbeharrak krak egin zigun. Premiazko batzar bat egin behar izan zuen N.G. Taldeko komandantziak, Kakik proposatutakoaren arabera, Brigada batek joan behar zuela erabakitzeko. Kitarra bakar batekin jo genezakeen berrogei minututako errepertorio munizioarekin, El Salvadorren “Mendeko hauteskundeetan” deiturikoetan F.M.L.N.rekin kanpaina egitera gindoazen.
 
 1994EKO MARTXOAK 10, OSTEGUNA
 
Goizeko 9:15etan abioia dugu Donostiatik Madrila, non Banda Bassottirekin elkartuko baikara. Besarkadak, muxuak eta ukabilak gora.
El Salvadorrera joateko Maiamin eskala egiten dugu. lñigok Galeanoren esaldi batzuk gogorarazten dizkigu: "...komenigarria da Miamitik pasatzea oin hutsik iraultza bat zer den jakitekol” (Nikaraguaz ari zen).
Aireportuan, gurekin El Salvador erdia zeharkatuko duen furgonetatxoa zain dago. Hiribururaino dugu 45 minutuetan, Federicok, guda garaian Radio Venceremosekin ibili zen konpa italiarrak, gure egonaldiari buruz zehazpenak egiten dizkigu. Arratsaldeko 7ak dira. Euskal herrian goizaldeko ordubata.

ASPAD (Asociación Salvadoreña para la Paz y la Democracia), F.M.L.N.ren ONG baten lokalean ongietorria egiten digute. Komandante ohi batek, beraiekiko gure jarreragatik, eskerrak ematen dizkigu, baita nazioarteko elkartasuna gehien behar dutenean iristeagatik ere.
Lo egiteko aldiz, ClAZOren (helduen alfabetatzeko erakundea) lokalean egokierazten gaituzte. Guztiz nekatuta egon arren, Jitu eta biok konpa batzuekin propagandarako pankarta batzuk egiten ari diren lagun batzuk agurtzeko unibertsitatera hurbiltzen gara.
 
 MARTXOAK 11, OSTIRALA
 
Goizeko 7etan italiar guztiak esnatuta daude eta ez dira isiltzen. 5 ordu besterik ez dugu lo egin eta jeiki behar. Las Tinajas tabernan banana frijitua kremarekin, indibabak eta kafea gosaltzen dugu (batzuek mango zukua ere bai).
Goizeko 9etan “EI Espino” kooperatiban soinu-proba, tokia zoragarria da baina proba luzatzen da eta eguzkiak zigortzen gaitu. Ume edo zipotito batzuek ondoko kafetalak (guda guda garaian gerrilaren ofentsibetan erretagoardia bilakatzen zirenak) erakusten dizkigute arroza oilaskoarekin bazkaldu baino lehen.Daramagun nekealdiarekin lo kuluxka primeran datorkigu.
Eguerdiko ordubietatik aurrera, San Salvadorreko Plaza Civican “Garaipenaren jaialdia” ari da. Koalizioaren kanpainaren amaiera (F.M.L.N., Convergencia Democrática eta M.N.R.) lehendakarigaia den Rubén Zamora eta Chico Lima lehendakariordegaiak hitzegingo dute. Beraiekin batera Algodón, Prueba de Sonido, Fiebre Amarilla eta Rene Alonso y su banda Lasser, bertako taldeak arituko dira. Nazioarteko atalean, Banda Bassotti eta gu. Txanda iristen zaigunean 20.000 pertsona daude plazan. Aurrean F.M.L.Nren banderarekin hornitutako Monseñor Romeroren katedrala dugularik, une historikoa bizitzen ari garela ohartzen gara. Radio Rahim eta Gora Herria kantak eskaintzen ditugu, Pakito Arriaran eta Begoña Garcia, El Salvadorren eroritako internazionalista euskaldunak ahaztu gabe. Jendeak beste bat eskatzen digu, baina guk El Espinora joan behar dugunez hunkituta taulatik jeisten gara.
El Espinon kontzertua hasita dago. Jadanik Prueba de Sonido eta Cuarto Creciente aritu dira. Oraindik Cuenta Regresiva, Adrenalina, Bronco eta Banda Bassotti falta dira. Espero ez genuen hotza, hezurretaraino sartzen zaigu. Zutik mantentzeko papusak (taloa) jaten ditugu. Hala eta guztiz ere jo baino lehen lotan gaude. Ordurako, 200 pertsona besterik ez dira gelditzen. Gehiengoa euskalduna eta harro. Honi esker berotzen gara. soinu teknikoa mahaiaren gainean lo gelditu da.