1 2 3 4 5 6  
 
   
El Salvadorreko hauteskundeak 1994: NG Brigadaren abenturak
Ideia Zabaldu tour 95: liburua sarean
On the road: datu eta kontzertu guztiak
   

 

 

 

 

 

     
 URRIAK 11, ASTELEHENA
 
Notre Dame du Montera joan gara, kostaldean, kontzertua Halcón Maltesen izango da eta. 200 pertsona sartzen diren taberna txiki bat. Jendea kalean geratu da, berriro ere Mano Negrak jo du, ustekabeko erasoa, eta gu hasi garenerako taberna sauna bat da. Ez dakit zelan eutsi diogun zutik. Amaitzean, Pintzak esan dit erori nahi ez duen boxeolari nokeatua eman dudala. Denok mugan egon gara, baina erantzuna kristorena izan da. Goian afaldu eta edan dugu. Berriro ere kantuak eta barreak, biran gutxitan bezala.
 
 URRIAK 12, ASTEARTEA
 
Agur esan diegu paristarrei Bilbora arte, bira amaitzean gurekin batera ustekabean joko dute. Tourserantz abiatu gara. Erabat apurtuta gaude, eta gainera Pintzak istripua izan du egurrezko hanka duen tipo batekin: zapaldu eta oin bateko hatz bat izorratu dio. Ezin da ibili, eta ez dakigu nola aterako dugun emanaldia. Bidaian, Parisetik gurekin datorren eta gure merchandisingaz arduratzen den fitxaketa bat, Laurent, barreka ibili da Philippekin, gure ahuldadearen gainera. Arcade hotelak aukera eman digu atseden hartzeko. Iñigo egunero lehena da esnatzeko orduan, baina gaur leher eginda geratu da hotelean. Pintzari erradiografia egin diote eta fisura bat du: bonboa ez da ia entzungo. El Barco Ebrio izena dauka lokalak, eta 600 pertsonak bete egin dute. Gurekin Infraktionek jo du. Kontzertua ona izan da, nekeak neke; hala ere, birritan eten behar izan dugu batek borrokarako gogoa izan duelako. Pogoa oso bortitza izan da.
 
 URRIAK 13, ASTEAZKENA
 
Gure lurrean, gure jendearengan, gure emakumeengan ditugun sustraiez hitz egin dugu. Denok amets egin dugu Euskadira bueltatzeaz. Autopistatik irten eta Hotel One Staren jan eta lo egin dugu. Egun librea, Burdeos lasai dago.
 
 URRIAK 14, OSTEGUNA
 
Goizean Kakik seme-alabentzako opariak erosi ditu; Anjelek, neska-lagunarentzat. Philippe eta Laurentek aretoa kontrolatu dute, eta Jituk, Mikel Anestesiak, Pintzak, Iñigok eta bostok Estatuko kontzertuei heltzeko moduez hitz egin dugu.
Theatre Barbeyn iaz ere jo genuen. Aurton, Specimenekin: lokala bete egin da. Irungo lagunak etorri zaizkigu, eta horrek bero-bero jarri gaitu. Amaieran eszenatokiaren inbasioa, 200 tipo gurekin dantza egiten. Bukaera apoteosikoa. Irungo eta Pasaiako lagunek kanpoan emandako hilabete eta erdian jazotakoaren berri eman digute.

 
 URRIAK 15, OSTIRALA
 
Polizia frantsesak oso kontrol zehatza egin digu. Arrisku handiko eremuan gaudela ohartarazi digu horrek. Pauen 2.000 pertsona ditugu zain, lurralde frantsesean dauden euskal presoen aldeko kontzertuan. Gurekin batera, Ama Say (bikain), Matxitxa, Barrabas, Anjelillo, Jabitxu, Irungo NG Posse osoa, Oiartzun, Pasaia eta Hernani, eta neska-lagunak: Ione, Loreto, Aran, Amaia eta Kuki. Kakiri gutxi falta zaio Izaskunekin batzeko, eta Pintza Bartzelonako kontzertura arte itxaron beharko du, bertan du Igne zain.

[FACTORY]