|
|
|
|
|
IRAILAK
26, IGANDEA |
|
Taldearen
egun librea. Jatetxean jan dugu. Birako jatordurik
onenetarikoa. Arratsaldez, Jitu eta Anjelek
ordenagailuarekin lan egin duten bitartean,
Pintza eta biok elkarrizketa batzuen galderei
erantzun diegu, Txilekoak, Puerto Ricokoak,
Mexikokoak eta Valladolidekoak. Gainerakoak
atzera eta aurrera ibili dira etxean, Italiatik
ekarritako sagardo botila bat desagertu dela-eta,
harik eta eztabaidatxo bat izan dugun arte.
Birako sasoi honetan, nekea gure etsairik
handiena da, eta horren moduko tontakeria
dela-eta ordu luzeko eztabaida sortu daiteke.
Inguruak gainera ez du ezertan laguntzen.
Egun grisa, eta gogoa kentzeko moduko hiria. |
|
IRAILAK
27, ASTELEHENA |
|
Dirudienez,
egun libreek ez digute on egiten. Denok ere
nekatuta eta odolbero gaude. Jatordua, bideko
jatetxe batean, oso ona izan da: oreina jan
dugu.
Hannoverrek ongi etorri polita egin digu,
nahiz eta lokala aurkitzea asko kostatu zaigun;
zinema areto zaharra da, kontzertu areto bihurtuta.
Antolaketa, akatsik gabea. Aldagela, bokataz,
zukuz, garagardoz, kafez, infusioz…
beterik.
Emanaldia ona izan da eta Rostockeko bibrazio
txarra gainetik kendu dugu. Turkiar jatetxe
batean afaldu, eta kategoriako hotelean lo
egin dugu.
|
|
IRAILAK
28, ASTEARTEA |
|
Giroa
furgonetan berriz ere alaia. Mikel Anestesiak
ondorioztatu du emanaldi on bat eta taldearen
harremana lotuta dauden moduan, sexu esperientzia
gogobetetzea eta bikote harremana lotuta daudela.
Denok dugu Colonian jotzeko gogoa, duela bi
urteko emanaldia bikaina izan zen eta. Rhenania
lokalean, Holly Rollers (Dischord) amerikarrek
lehen zatia egin dute. Lokala beterik dago
(800 pertsona), eta gure kontzertua hasi orduko
han dagoen mugida ikusteko modukoa da. Denak
flipatuta, publikoa eta geu. Rolllersekoek
gu zoriontzeaz gain, interesatuta daude Amerikan
egingo duten biran gu parte har dezagun.
Zerbeza alemanarekin mozkortu gara (kontzertua
baino lehenago taldeak duen agindua: NO ALCOHOL,
NO DRUGS). Lo egingo dugun herria baso barruan
dago, eta haraino furgonetan egin dugun bidea
festa giroan egin dugu. “Por la mañana
sale el sol....” berriro ere gure kanturik
gustukoena da.
|
|
IRAILAK
29, ASTEAZKENA |
|
Egun
librea, mendian. EDERTO. Kaki galdu egin da,
baina gauez etorri da ziza pila batekin. Anjel
ez da ausartu mokadua egiten, hala ere Argiñanok
baino txalo gehiago jaso du Kakik. |
|
IRAILAK
30, OSTEGUNA |
|
Amsterdamerantz
joan gara. Melkwegen ezin izan dugu jo, baina
Europako hiririk kosmopolitarenera bisita
egiteko gogoa izan dugu. Sleeping Arenan jarri
gara, mojen izandako konbentua. Gaur egun
egokitu eta aterpetxe handi bat egin dute,
oso merkea eta istorio erakargarri askorekin.
Arazo bakarra: arduradunak. Ozpinduta daude.
Aipatzeko modukoa da kapila ohia, gaur egun
kontzertu aretoa da, eta kontzertuen ondoren
diskoteka bihurtzen da, konbentzioz kanpoko
musikarekin (Rollins Band, Metallica, House
of Pain, Body Count...).
Damstraat alderdian ibili gara batez ere,
eta hiria ezagutu izan ez dutenek flipatu
egin dute itxura eta klase askoko jendearen
joan-etorriekin, baita bizikleta kopuruarekin
ere, gainera lehentasuna dute kotxeen aurrean.
“Coffeshops”-ek gozarazi egin
diete taldean kostoa gustuko dutenei.
|
|
URRIAK
1, OSTIRALA |
|
Hengelora
joan gara, aurretik hiriburuko dendetan eta
merkatutxoetan hainbat gauza erosita. Irteeran
Pragako kontzertuaren antolatzailearekin topo
egin dugu, orain Cement taldearekin biran
dabil (Chuck Moselyrekin, Faith No More ohia).
Hengeloko lokalak Metropol izena du, eta biran
gehien gustatzen zaizkigun taldeak igaro dira
bertatik. Oso ondo ekipatuta dago, eta nahiz
eta jende gutxi etorri, kristoren kontzertua
egin dugu. Gure aurretik jo dutenek Klinkhamer
izena dute eta benetan txarrak izan dira.
Antolatzaileak pozik geratu dira gurekin.
Lo egiten dugun hotela oso erosoa da, baina
Mikel Anestesiak itzelezko hemorroideak ditu
eta dagoeneko ezin da ibili. Horregatik, eszenatokiko
antolaketa aldatu behar izan dugu: hirukote
moduan aurrean, Iñigo ezkerrean, Kaki
eskuinean; erdian, neu, eta atzean, erritmo
atala: Pintza eta Anestesia. Egun bat baino
ez bada ondo, baina dirudienez luzerako izango
da.
|
|
URRIAK
2, LARUNBATA |
|
Hizkuntza
gutxituen jaialdi batean parte hartu dugu.
Talde bretoiak, frisiarrak eta galestarrak
daude, eta geu. Antolakuntzakoak ez dira batere
jatorrak, eta ondoko gelan “folky”
kantari batzuk daude, deprimitzeko modukoak
benetan. Larunbata izan arren, Sneek oso hiri
aspergarria da. Kontzertuaren ondoren, kebabak
eta garagardoak erosi eta hotelean jan eta
edan ditugu. |
|
URRIAK
3, IGANDEA |
|
Aurreko
gaueko afari txarra ahantzarazi digu gosari
onak. Dourerantz (Belgika) joan gara eta bideko
“self-service” batean jan dugu.
Douren zain dugu Philippe Mano Negrako managerra.
Paura heldu bitartean, biraren ardura hartuko
du. “Road book” bana eman digu,
eta datorren urtean Argentina, Brasil, Txile
eta Uruguain zehar bira bat egiteko aukeraz
komentatu digu.
Berri horiek entzun eta gero, bero-bero irten
gara. Les Sheriffs talde paristarrak lehen
zatia egin du. Ekipoa benetan txarra da, eta
ekipoaren durundien artean amaitu da emanaldia.
Afari ederrarekin eta etxeko zerbezekin, oso
gozoak, kendu dugu mingostasuna. Gazte-aterpetxe
batean egin dugu lo. Hurrengo eguna, urriaren
4a, astelehena, ere bertan pasatu dugu.
|
|
|
|