Kategoriaren artxiboa: samples

The Cult – Bad Fun

Txiolandian Zigor Garroren gomendio musikal bati kasu egin ostean, The Cult taldearen 1987ko Electric album itzelaren baitan ezusteko sample bikain bat topatu genuen, noiz eta 2022ko apirilean!! Inoiz ez omen da berandu, #diotenez.

Intro horrek beste bat gogorarazi zigula jakiteak ez zaitu harrituko, ezta? Loop zoragarri bat bereizi, telefono tonu baten soinua erantsi eta…horratx!

 

Do The Right Thing – Filmea (Trailerra)

1989an Spike Lee zinema zuzendariak bere lan interesantenetako bat argitataru zuen, Do The Right Thing (Eginzazu Behar Duzuna). Handik urtebetera filme honen istorioa laburbildu zuen Negu Gorriak haien Radio Rahim abestian, eta nola ez pelikulatik sanple pare bat hartu zituzten. Gaurkoan, abestiaren amaiera aldean (3:12 eta 3:17 minututan hain zuzen) entzun daitekeen “do the right thing” esalditxoa erreskatatu nahi dugu:

Brooklyneko Bedstuy auzoaren bihotzean bizi den eta “alkatea” esaten dioten auzokideak esaten du esaldia filmean, nahiz eta gero NGkoek pitch moldaketa egin zioten kantuan txertatzeko. Trailerraren ere agertzen da esaldia, justo amaieran:

 

Olasagasti Vs Mindegia

Koka gaitezen: 80ko hamarkada bete-betean gaude (1986?) eta Tolosako zezen plazan bi koloso beraien indarrak neurtzeko prest dira; batetik Olasagasti eta bestetik Mindegia. Alabaina, bazen hirugarren bat: Kaki Arkarazo. Unean zeukan lanak hala eskatuta, enborpean mikroa kokatu zuen, handik gutxira Kortaturen “Kolpen-kolpe” kantaren introa izango zena grabatuz. Bertako aizkorakada bat da gerora besteak beste “Dallas-Euskadi 1963” piezan entzungo duguna, baita Fermin Muguruzaren hurrengo egitasmo ia guztietan ere. Ez da ez, sanple kamutsa gero! Kronologikoki bidaia eginez gero, 1988tik hasiko gara.

Handik 5 urtera, Negu Gorriak taldearen ikur izango ziren aizkoren hotsak, diskoen atmosferan jarraitzen zuen zorrotz.

NG aroa pasata ere, Ferminen inguruan jarraitzen zuten soinu lehor eta azkarrek.

 

Kurtis Blow – Express Yourself

Sanple hau azaltzeko buelta ederra eman behar dugu. Jatorria Charles Wright & the Watts 103rd Street Rhythm Band taldeak 1970ean grabatutako Express Yourself kanta mundiala da. Gurera askotan ekarri dugun NWA taldeak bere hip hop bertsio bikaina egin zuen 1988an, eta Negu Gorriakek beren 1996ko Salam Agur diskan ere NWAren bertsioa bertsionatu zuten. Onaino, dena ongi. Baina ondo fijatu ezkero, bada 103 kaleko bandaren eta Negu Gorriaken bertsioan, tronpeteo eder bat, NWA taldeko bertsioan ez dena inondik ageri. Tronpeteo hori Negu Gorriakek lehenago ere sanpleatu zuen 1990. urtean Hator Hator kaleratu zutenean:

Argi entzun daiteke, sanpleatutako zatia 1:31 segunduan, eta ez, ez dira 103 Street Rythm Band-ekoak eta ezta ere NWA taldekoak. Hau Kurtis Blow izan zen, 1988an argitaratu zuen Back by Popular Demand diskoan kaleratu zuen Express Yourself abestiaren moldaketan:

 

Public Enemy – Shut’em down

“Hipokrisiari Stop!” izeneko zuzeneko diskaren sarrerak ere gurean aipamen bat merezi du. Izan ere, “¿Cando se xoga á pelota aquí?” introak taldearen erreferente izan zen Public Enemy sanpleatzen baitu, zehazki beraien “Shut’em down”; erreparatu erritmoari:

Bilboko 1993. urteko kontzertuaren diska, era honetan aurkeztu ziguten:

 

Original Concept – Prejudice

Original Concepten sanpleek hainbesteko garrantzia eta lekua dute “No problem” kantuan, non diska beltzeko hurrengo kantan ere eragina duten. Kasu honetan, “Sabel hiztunaren ordu ikaragarria”ri egokitu zitzaion. Hasieratik zerabilkien basearen funtsa OCren kantaren bukaerako (3. minutua, 10. segundua) berbera da beste abiadura batean izan arren:

Entzun orain kanta hasieran leku hartzen duen basea:

 

Maceo Parker – Pass The Peas (live)

«NG Brigada Peligros» den anabasa goxo horretan, badira joan etorrian dabiltzan ahots ezberdin batzuk…12. segundotik 19.era doan koruari arreta jarriko diogu sarrera honetan.

Topatu dugun bertsiorik antzekoena Maceo Parker saxofoijolearen zuzeneko itzel honetan entzun dugu guk. Bertatik aterata dirudi, ezta? Adi 3. minututik aurrerako ahotsei.

 

Willie Colon – Me Voy

Bisitari iraultzailea Hego Ameriketan da bere nagusitasuna erakusten eta hori guztia girotzeko, Los Van Van handiez gain Willie Colón ere ezin zen falta. Bere hit handienetakoa izan zen 1990.ean kanta hau:

Williek bere kantaren hasiera animatzeko erabili zuen aldaketa latz eta alai huraxe erabili zuten negutarrek Bisitari Iraultzailearen azken zatian. Entzun!

 

Los Van Van – Solo Queria Bailar Lambada

Sample hau zehazki lortu ez dugun arren, badakigu abesti honen zuzeneko bertsio batean dagoela bilatzen duguna. Izan ere, sampleaturiko ahotsak “yo sólo quería (eso mami)” baitzioen, abesti baten izenburua dena ia-ia. Kakik baieztatu zigunez, Los Van Van taldearen “Aquí el que baila gana” kasetari sua atera zioten taldekideek batetik bestera zihoazen bakoitzean. Tamalez, zuzeneko zehatza ez dugu topatu oraindik. Hortaz, kantaren estudio bertsio batekin moldatu beharko gara oraingoz…

Goian aipatu dugun ahots lagina honako kantan entzun daiteke 1:37 unean. Inork esango al digu non den bilatzen dugun bertsioa?! 😉

 

Original Concept – Pump that Bass

1980 hamarkadako Original Concept talde xelebrea izan zen, oso originala izan zen haien kontzeptua: kaleratu zuten disko bakarrean, kanta asko instrumentalak ziren, rapeorik gabe. Deejayen trebezia erakusteko taldea, beraz. Gaur aurkezten dizuegun kantuan adibidez, scratch ederrak egiten ditu Doctor Drék.

Scratch horiek Negu Gorriaken Beste Kolpe Bat kantan entzun ditzakegu, honela: