Kategoriaren artxiboa: samples

Lafayette Afro Rock Band – Darkest Light

Askotan entzuten den aire instrumentu baten sanple bat dugu hau…gaur egungo rap taldeek erabiltzen jarraitzen dute oraindik ere. Jatorrira joanez gero, Lafayette Afro Rock Band topatzen dugu:

Geurera etorriz, Mikel Laboak Bertolt Brecht errezitatzen zuenekoa dugu abiapuntu. “Gaberako aterbea” izena zuen kantak; Negu Gorriak taldeak bertsioa egiteaz gain, bertako lerroetatik jasoko zuen izena gerora. Sanple hau beraz, taldearen sorrerarekin bat doa (22. segundutik aurrera):

 

Original Concept – Here Comes The 5-Oh!

Original Concept taldeak “No problem”i egindako beste ekarpen bat eskratxaren ondotik datorren garrasi bat da…beraien kanta honetako 6. segundu inguruan entzun dezakegu:

Neguren arazorik gabeko pieza instrumentalean ordea 11. segunduan entzun liteke lehen aldiz eta 32.ean bigarrenekoz:

 

Defunkt – Ooh Baby

Defunkt taldea funtsezkoa da NGSamples unibertsoan. Oraingo honetan, bateria sarkor horri erreparatu behar diogu, etengabe «ohh baby!» oihuka dezakegun bitartean (ad libitum, otoi!). Atal batzuk zoragarriak dira; 6 minutu motz egingo zaizkizu.

Hain zuzen ere, erritmo sakon hori erabili zuten negutarrek aizkorada etengabeak bailiran…gozatu, hauspoa bete arren!

 

Laurie Anderson – O Superman

Imajina ezazu 80. hamarkadako Kaki, Laurie Andersonen zuzeneko batean erabat txunditurik, amerikarrak ahotik laser izpi koloretsuak botatzen zituen bitartean abesten zuela ikusten. Izan ere, audioa entzunez bakarrik antzeman daiteke, bai, ez dela nolanahiko artelana aditzen dena. Pentsa nolakoa litzatekeen performance osoa garai hartan!

Urte batzuk iragan ostean, bizipen hari keinu ezin hobea egingo zion Kakik 1991. urtean abestien arteko isilunea zer zen ez zekien Gure Jarrera diskoaren bidez. Kantaren amaieran duzue samplea entzungai.

 

Steve Cropper – Land Of 1000 Dances

Aiako Txikito mila dantzen lurraldean dabil, hiri gerrilaren dantza barne. Adi intro errepikatuaren ondoren (3. seg) eta piezaren bigarren zatian (19.etik aurrera) itzultzen den perkusioari.

Guda dantza lotu ala askatua den ez dakigu baina 40. segundoko bateria soloak begiak ireki dizkigu. Hirurak. Eskerrik asko, Steve!

 

James Brown – Make It Funky

Negu Gorriaken sanpleen erabilerari dagokionez, interes gehien pizten diguten piezak gaurkoa bezalakoak dira, non NGk osorik sortu-eraiki zituen pista hauek sanpleak erabiliz. Beraien Borreroak Baditu Milaka aurpegi diskako bigarren kanta hau adibidez, NG Bada, izenekoa:

Asko dira pista horretan entzun daitezkeen sanpleak, James Brown-en Make It Funky, besteak beste.

 

Juan Bautista Lasarte, Joanmari Beltran – Sunprinua

Gure Jarrera diskoaren sarrera badirudi Mezkitara otoi egitera joateko deiarekin hasten dela, baina jakinzazue Sunprinuaren hotsa dela entzuten gabiltzan hori, Euskal Herriko soinu tresna kuriosoenetako bat. Zehazki Juan Bautista Lasarte da eta Euskal Herriko Soinu Tresnak albumerako kanta hau grabatu zuen.

Hona hemen Neguren Gure Jarrera diskoko Sarrera bikaina:

 

Run-DMC – Radio Station

Sanple hau ere 1988 urte emankorrekoa dugu. Ez dugu ahaztu behar urte hori hartzen dela Estatu Batuetako Hip Hoparen eskola zaharraren urrezko garaitzat, orduan argitaratu baitziren diskarik salduenak. Run-DMC taldearen kanta honetan ia uneoro entzuten dugun sanplea, baina 2:33tik 2:37ra doan denbora tartea da aukerarik garbiena eta hori baliatuko zuten euskaldunek beraien kantarako:

Negu Gorriakenean 30. segundutik 34.era entzuten dugun berbera, alegia: