Silvio Rodriguez – Sueño con Serpientes

“Bai, nik ere errezitatzen nuen Bertol Brecht” dio abeslariak Hitz Egin kantuan. Ferminek Bertol Bretch errezitatzen zuen Silvio Rodriguezek bezala, eta Oker Dabiltza kantaren amaieran (2:41etik aurrera) Silvioren ahotsa txertatu zuten, honela:

Hemen duzue kantautore kubatarraren 1975ko Sueño con Serpientes kantua.

 

NWA – Fuck tha police

1988an NWA taldeak plazaraturiko hiten artean “Fuck tha police” dugu. Epaiketa batean kokatzen dute kanta; bertan, gazte beltz akusatu batzuk poliziaren inpunitatezko basakeria salatzen dute.

Negu Gorriak seinalearen zai zegoen bitartean, EEBBetako mendebaldeko kostako gangsterren oihuak leku hartzen zuen beraien abestian (38 eta 50. segunduen bueltan eskratxaren ondoren):

 

Otis Redding – Good To Me

Fermin Muguruzak publikoki behin baino gehiagotan esana du, berak Otis Reddingen antzera abestu nahiko lukeela. Tira, bien ahotsen artean dagoen aldea ez da txikia…dena den, nork behar du eztarria landu sanplegintza gertu denean? Otis Reddingen zuzenekoen disko honetako intro honek aukera ezin hobea eskaini zien Neguko taldekideei soul abeslari mitikoaren ahotsa eskuratzeko.

Gure Jarrera diskoko Sarrera kantuan txertatu zuten Otisen ahotsa, album berria grabatzen ari dela diolarik, base erritmiko sendo batez lagunduta. Itzela, ezta?

 

Maceo Parker – Got to Get U

Gutxi egongo da munduan Maceo Parker bezain ospetsu den saxofonistarik. James Brownen orbitako musikari honek zuzeneko disko honekin bideratu zuen bere bakarkako ildoa 90. hamarkada hasieran. Entzutekoa, bereziki honelako piezengatik. Adi 37 segundoari (gutxi gora behera).

Negu Gorriak taldeak belarriak fin zeuzkaten eta urtebeteren bueltan jada zuzeneko diskotzar hori sanpleatua zeukaten beraien disko beltzean. “NG bada”ko 11. segundoak beste zentzu bat hartzen du orain, ezta?

 

Grandmaster Flash & The Furious Five – The Message

New Yorkeko Hip Hop munduko aitzindari bat dugu Grandmaster Flash DJa. Bizi den testuinguru oldarkorrak alde batetik bestera jitoan darama abestiaren protagonista eta nahikoa dauka burua ez galtzearekin:

Eta kantaren hasiera berbera den arren, Negu Gorriaken “mezua” bestelakoa da, erabat: borrokaz garaipenera, Galindoren aurrean egin zuten bezalaxe!

 

Take 6 – WE LOVE radio (jingles)

WE LOVE radio, from the heart of Bed-Stuy!! dio Jingle-ak irratitzarrean, Spike Leeren laugarren luzemetraian. NGren Radio Rahim kanta ospetsuan, Do the Right Thing (Eginzazu Behar Duzuna) ezinbesteko filma da kontatzen digutena, eta honen hasieran jingle horietako bat entzun daiteke, honela:

Eta hemen jatorrizko Jingle-ak.

 

Motörhead – Fire Fire

Sanple hau ere Toni Estebani esker erdietsi dugu; antza denez, ez dugu Motörhead behar bezainbeste entzuten!! 2. minututik aitzina entzuten duzuna ezaguna ez bazaizu, ez duzu Negu Gorriak behar bezainbeste aditzen:

Negu Gorriaken “Ideia Zabaldu I” sasi-kantan entzuetn ditugu kitarra zorrotz horiek, Mano Negra bera eta Todos Tus Muertos taldearen “Alerta Guerrillas” gogora ekartzen dizkidan artelan honetan:

 

The Redskins – Kick Over The Statues

Kortaturen garaitik ditugu ezagun The Redskinsekoak, “Etxerat” kantuko gure furgoian etengabean entzuten genituelako, besteak beste. Negu Gorriak haratago joan eta aipatze hutsa gaindituz, eurak sanpleatzera heldu ziren, Lenini eskainitako abesti honetan bezalaxe:

Kantaren hasieran scratch bakoitzaren ondoren 4 segunduro-edo entzuten den “Kick!” horri erreparatu behar diogu. Hain juxtu ere, Redskinsen “Kick Over The Statues”en entzuten den azken oihua: