Snoid-(r)en bidalketa guztiak

Honi buruz: Snoid

Musikazale arrunt xamarra. Sanple bilatzailea (tximeleten sarerik ez dut). Gidari ez-espirituala. Umoreduna (tarteka txarra). snoidren sarrera guztiak ikusi →

Defunkt – Ooh Baby

Defunkt taldea funtsezkoa da NGSamples unibertsoan. Oraingo honetan, bateria sarkor horri erreparatu behar diogu, etengabe «ohh baby!» oihuka dezakegun bitartean (ad libitum, otoi!). Atal batzuk zoragarriak dira; 6 minutu motz egingo zaizkizu.

Hain zuzen ere, erritmo sakon hori erabili zuten negutarrek aizkorada etengabeak bailiran…gozatu, hauspoa bete arren!

 

Laurie Anderson – O Superman

Imajina ezazu 80. hamarkadako Kaki, Laurie Andersonen zuzeneko batean erabat txunditurik, amerikarrak ahotik laser izpi koloretsuak botatzen zituen bitartean abesten zuela ikusten. Izan ere, audioa entzunez bakarrik antzeman daiteke, bai, ez dela nolanahiko artelana aditzen dena. Pentsa nolakoa litzatekeen performance osoa garai hartan!

Urte batzuk iragan ostean, bizipen hari keinu ezin hobea egingo zion Kakik 1991. urtean abestien arteko isilunea zer zen ez zekien Gure Jarrera diskoaren bidez. Kantaren amaieran duzue samplea entzungai.

 

Steve Cropper – Land Of 1000 Dances

Aiako Txikito mila dantzen lurraldean dabil, hiri gerrilaren dantza barne. Adi intro errepikatuaren ondoren (3. seg) eta piezaren bigarren zatian (19.etik aurrera) itzultzen den perkusioari.

Guda dantza lotu ala askatua den ez dakigu baina 40. segundoko bateria soloak begiak ireki dizkigu. Hirurak. Eskerrik asko, Steve!

 

Run-DMC – Radio Station

Sanple hau ere 1988 urte emankorrekoa dugu. Ez dugu ahaztu behar urte hori hartzen dela Estatu Batuetako Hip Hoparen eskola zaharraren urrezko garaitzat, orduan argitaratu baitziren diskarik salduenak. Run-DMC taldearen kanta honetan ia uneoro entzuten dugun sanplea, baina 2:33tik 2:37ra doan denbora tartea da aukerarik garbiena eta hori baliatuko zuten euskaldunek beraien kantarako:

Negu Gorriakenean 30. segundutik 34.era entzuten dugun berbera, alegia:

 

Linton Kwesi Johnson – Sonny’s Lettah (anti-sus poem)

Negu Gorriaken BSO kantan inor sanpleatua izan bazen, hori LKJ dugu. Peachi eskainitako reggeaz gain, seme batek amari kartzelatik idatzitako gutuna ardatz duen Sonny’s Lettah kantatik honako esaldia erabili zuten (2. minutua pasa berritan):

“Mama, mek i tell you wa dem do to Jim? Mama, mek i tell you wa dem do to ‘im?”

Negu Gorriaken kantan ia abestiaren une berean daude sanpleatuak Sonnyk amari egiten dizkion galderak (2 min. 09 seg.)

 

Steve Cropper – Crop Dustin

Aiako Txikito osoki maisulan bat den arren, oraingoan sarrerari erreparatuko diogu bereziki, introa berezia baitauka.

Izan ere, Steve Cropper bera dugu intro mitikoaren atzean. Gitarrajole funtsezkoa, Stax zigiluari dagokionez. Blues Brothers, Otis Redding edota Ringo Starr bidaide izan ditu bere karrera luze bezain oparoan. Kasu honetan introa motelago doa; hala ere, identifikagarria da oso.

 

Gladys Knight & The Pips – Midnight Train to Georgia

“NG bada”ren hasiera mitikoa da. Hain zuzen ere, ibilbide oso luzea izan zuen Gladys Knight & The Pips taldearen kanta baten berbera: Midnight Train to Georgia. Bertan, gauzak espero bezala atera ez eta bere erroetara bueltatzen den pertsona baten istorioaz abesten zuten:

Negu Gorriak taldeak hasiera hori bikain txertatu zuen bere instrumentalean:

 

Sly & The Family Stone – Dance To The Music

Funk musika sorburu oraingoan ere. Sly & The Family Stone talde mitikoak aurrera doan Negu Gorriak taldeari konpainia egiten dio ahotsen erritmo hipnotiko batekin. Haien “Dance to the music” entzunez gero, sanpleatua izan zen zatia erraz hauteman liteke (15. segundutik aurrera adibidez):

Ez duzu argi ikusten oraindik? Tira, entzun “NG badoa” eta ziur audio lagina topatuko duzula!