Etiketaren artxiboa: 1992

Maceo Parker – Pass The Peas (live)

«NG Brigada Peligros» den anabasa goxo horretan, badira joan etorrian dabiltzan ahots ezberdin batzuk…12. segundotik 19.era doan koruari arreta jarriko diogu sarrera honetan.

Topatu dugun bertsiorik antzekoena Maceo Parker saxofoijolearen zuzeneko itzel honetan entzun dugu guk. Bertatik aterata dirudi, ezta? Adi 3. minututik aurrerako ahotsei.

 

Joxepa Arregi

Negu Gorriak taldearen Hitz Egin kantu ospetsuaren amaieran Joxepa Arregi entzun dezakegu “Nik euskeria defendiduten dot” esaten, eta baita “kastigua kunplidu behar”. Adi egon!

Joxepa Arregi Euskal Preso eta Iheslari Politikoen aldeko borrokalari sutsua izan zen. Etxerat elkarteko lehendakari izan zen eta ziur grabaketa asko eta askotan agertu zela. Ez dakigu, ordea, honako hau nondik hartu zuten zehazki Negu Gorriakekoek, baina sanple batetan ez ezik, bideoa bera euren 91+1 Tour VHS bideoan erabili zuten. Lagunduko al duguzue argitzen jatorrizko bideoa noizkoa eta nongoa den? (Pista: Irudietan BBCren logoa ikusi daiteke…)

Eta ez sanple batetan! Bata bestearen atzetik, Ideia Zabaldu irekitzen duten Hitzaurrea eta Hitz Egin kantuetan txertatu zuten Joxeparen ahotsa. Entzun dugu dagoeneko Hitz Egin, goazen bada orain Hitzaurrearekin.

 

Maceo Parker – Got to Get U

Gutxi egongo da munduan Maceo Parker bezain ospetsu den saxofonistarik. James Brownen orbitako musikari honek zuzeneko disko honekin bideratu zuen bere bakarkako ildoa 90. hamarkada hasieran. Entzutekoa, bereziki honelako piezengatik. Adi 37 segundoari (gutxi gora behera).

Negu Gorriak taldeak belarriak fin zeuzkaten eta urtebeteren bueltan jada zuzeneko diskotzar hori sanpleatua zeukaten beraien disko beltzean. “NG bada”ko 11. segundoak beste zentzu bat hartzen du orain, ezta?