Etiketaren artxiboa: 1991

Sly & The Family Stone – Dance To The Music

Funk musika sorburu oraingoan ere. Sly & The Family Stone talde mitikoak aurrera doan Negu Gorriak taldeari konpainia egiten dio ahotsen erritmo hipnotiko batekin. Haien “Dance to the music” entzunez gero, sanpleatua izan zen zatia erraz hauteman liteke (15. segundutik aurrera adibidez):

Ez duzu argi ikusten oraindik? Tira, entzun “NG badoa” eta ziur audio lagina topatuko duzula!

 

Red Hot Chili Peppers – Blackeyed Blonde

30 urte baino gehiagoko ibilbidea duen taldea dugu Red Hot Chilli Peppers, Funk musika Rock eta Raparekin nahasten dituena. Ez da harritzekoa Negu Gorriakek RHCP atsegitea, eta Gure Jarrerako Beste Kolpe Bat piezan Freaky Styley diskoko Blackeyed Blonde honelaxe sampleatzea aizkorakada artean:

Hona hemen Kaliforniakoen jatorrizko kanta:

 

Prince – New Position

Princek ere ezin izan zion iskin egin Negu Gorriaken sanpleatze ariketari. Izan ere, New Position izeneko pieza labur honen sarrerako erritmoarekiko indiferentzia erakustea ia-ia delitu baita. Metronomo bikaina!

Kantuen artean inolako isiltasunik ez zeukan Gure Jarrera diskotzarreko NG Badoa «refrito» honek ere hasieran dauka erritmotxo killer hori. Txekiraut!

 

Defunkt – For The Love Of Money

70. hamarkadan The O’Jays talde aski famatuaren hit baten bertsioa egin zuen Defunkt taldeak, humanook diruzaletasunarekiko dugun joera nabarmenduz. Hasieratik belarrietan sartuko zaizun punteo azkarrari erreparatu, bateria begiz galdu gabe. Latza!

Gitarra soinu errepikakor zorrotz hori bikainki txertatu zuten “Beste kolpe bat” mitikoan (lehen aldiz 17. segundoan). Diruzalekeria ere errotik ebaki behar baitugu, ezta?

 

Linton Kwesi Johnson – Peach Dub

Goizaldeko bostetan, herrian, irekitzen duten lehenengo tabernan Linton Kwesi Johnson topa dezakegu Peachi reggae bat eskainiz. Are gehiago, sustraietara jotzen badugu, dub batekin erakutsiko digu jendarteari zor dion amorrua:

Jakina, ezaguna izango zaizu kanta osoa, urte batzuk beranduago Negu Gorriak berak kantaren bertsio abestu osoa bertsionatu baitzuen, beraien bizitzetako BSOko parte zelako alpalditik:

 

Otis Redding – Good To Me

Fermin Muguruzak publikoki behin baino gehiagotan esana du, berak Otis Reddingen antzera abestu nahiko lukeela. Tira, bien ahotsen artean dagoen aldea ez da txikia…dena den, nork behar du eztarria landu sanplegintza gertu denean? Otis Reddingen zuzenekoen disko honetako intro honek aukera ezin hobea eskaini zien Neguko taldekideei soul abeslari mitikoaren ahotsa eskuratzeko.

Gure Jarrera diskoko Sarrera kantuan txertatu zuten Otisen ahotsa, album berria grabatzen ari dela diolarik, base erritmiko sendo batez lagunduta. Itzela, ezta?

 

Grandmaster Flash & The Furious Five – The Message

New Yorkeko Hip Hop munduko aitzindari bat dugu Grandmaster Flash DJa. Bizi den testuinguru oldarkorrak alde batetik bestera jitoan darama abestiaren protagonista eta nahikoa dauka burua ez galtzearekin:

Eta kantaren hasiera berbera den arren, Negu Gorriaken “mezua” bestelakoa da, erabat: borrokaz garaipenera, Galindoren aurrean egin zuten bezalaxe!

 

Eric B. & Rakim – Chinese Arithmetic

Lehenbiziko bala karabinan sartzerakoan begiak jada zorroztuak zeuden zeharo. Txinatarren moduan. Beraien aritmetikaren doitasun osoa behar izan dugu sample hau topatzeko. Jatorria 1987. urtean dugu, Eric B eta Rakimen eskutik:

Bitxitasunekin jarraituz, artista amerikarren diskak “Paid in Full” izena zeukan. Badirudi usaitzen hasiak zirela Negu Gorriak 4 urte beranduago osatuko zuten zor kitatzalearen kanta:

Sanple aritmetikoa “lehenbiziko bala” abestu ondorengo unetxoetan topa dezakegu.

 

Dennis Brown eta Gregory Isaacs – Jealousy

Gregory eta Dennisen diskorik entzun ez duen reggaezale bat ez da benetako reggaezale bat. Izan ere, ia kontaezinak diren diskografiak dauzkate beraien izenen atzean, bakarka nahiz beste artistekin batera. Berlingo Harresia erori bitartean hau ere entzuten zen internetik gabeko Euskal Herrian.

BSO kantak ez zeuzkan soilik LKJren sampleak. Bestelakoez ere elikatu zen; tartean, Dennis eta Gregoryz. Adi introari!