Etiketaren artxiboa: 1970

Kurtis Blow – Express Yourself

Sanple hau azaltzeko buelta ederra eman behar dugu. Jatorria Charles Wright & the Watts 103rd Street Rhythm Band taldeak 1970ean grabatutako Express Yourself kanta mundiala da. Gurera askotan ekarri dugun NWA taldeak bere hip hop bertsio bikaina egin zuen 1988an, eta Negu Gorriakek beren 1996ko Salam Agur diskan ere NWAren bertsioa bertsionatu zuten. Onaino, dena ongi. Baina ondo fijatu ezkero, bada 103 kaleko bandaren eta Negu Gorriaken bertsioan, tronpeteo eder bat, NWA taldeko bertsioan ez dena inondik ageri. Tronpeteo hori Negu Gorriakek lehenago ere sanpleatu zuen 1990. urtean Hator Hator kaleratu zutenean:

Argi entzun daiteke, sanpleatutako zatia 1:31 segunduan, eta ez, ez dira 103 Street Rythm Band-ekoak eta ezta ere NWA taldekoak. Hau Kurtis Blow izan zen, 1988an argitaratu zuen Back by Popular Demand diskoan kaleratu zuen Express Yourself abestiaren moldaketan:

 

The Meters – Look-Ka Py Py

“NG bada”ren 40 segunduak ikaragarriak dira gu bezalako sanple bilatzaileentzat. Urteetako lana dakarkie gure 4 belarriei, gezurra iruditu arren. Esaterako, nork esan behar zigun guri edozein egunetan lasai asko The Meters funk taldea entzuterakoan ere sorpresatxo sanpleatu bat topa genezakeenik?

Haierako ahots horiek aditzerakoan begiak ireki zitzaizkigun, OSO ezagun egiten baizitzaigun. Ondoren, Negu Gorriak taldeko zein kantetako sanplea zen bilatzeari ekin genion eta, nola ez, “NG bada” zen erantzuna:

 

Funkadelic – I Got A Thing, You Got A Thing, Everybody’s Got A Thing

Oraingoan ere funk mundutik datorkigu sanplea. Funkadelic talde aski ezagunaren gitarrek badirudi “Barakaldo” esaten dutela behin eta berriro. Akaso, inoiz BECen jotzea da beraien asmoa, nork jakin? Honatx, euren kanta:

Barakaldo eta Aia ez daude hain gertu, baina Negu Gorriak taldearentzat baietz dirudi:

PD: bazenekien Kortauren lehen diskako azaleko aizkolaria Aiako Txikito zela? Tira, hori beste baterako utziko dugu…oraingoz, goazen kolpez kolpe aurrera!