Los Van Van – Solo Queria Bailar Lambada

Sample hau zehazki lortu ez dugun arren, badakigu abesti honen zuzeneko bertsio batean dagoela bilatzen duguna. Izan ere, sampleaturiko ahotsak “yo sólo quería (eso mami)” baitzioen, abesti baten izenburua dena ia-ia. Kakik baieztatu zigunez, Los Van Van taldearen “Aquí el que baila gana” kasetari sua atera zioten taldekideek batetik bestera zihoazen bakoitzean. Tamalez, zuzeneko zehatza ez dugu topatu oraindik. Hortaz, kantaren estudio bertsio batekin moldatu beharko gara oraingoz…

Goian aipatu dugun ahots lagina honako kantan entzun daiteke 1:37 unean. Inork esango al digu non den bilatzen dugun bertsioa?! 😉

 

Original Concept – Pump that Bass

1980 hamarkadako Original Concept talde xelebrea izan zen, oso originala izan zen haien kontzeptua: kaleratu zuten disko bakarrean, kanta asko instrumentalak ziren, rapeorik gabe. Deejayen trebezia erakusteko taldea, beraz. Gaur aurkezten dizuegun kantuan adibidez, scratch ederrak egiten ditu Doctor Drék.

Scratch horiek Negu Gorriaken Beste Kolpe Bat kantan entzun ditzakegu, honela:

 

Lafayette Afro Rock Band – Darkest Light

Askotan entzuten den aire instrumentu baten sanple bat dugu hau…gaur egungo rap taldeek erabiltzen jarraitzen dute oraindik ere. Jatorrira joanez gero, Lafayette Afro Rock Band topatzen dugu:

Geurera etorriz, Mikel Laboak Bertolt Brecht errezitatzen zuenekoa dugu abiapuntu. “Gaberako aterbea” izena zuen kantak; Negu Gorriak taldeak bertsioa egiteaz gain, bertako lerroetatik jasoko zuen izena gerora. Sanple hau beraz, taldearen sorrerarekin bat doa (22. segundutik aurrera):

 

Original Concept – Here Comes The 5-Oh!

Original Concept taldeak “No problem”i egindako beste ekarpen bat eskratxaren ondotik datorren garrasi bat da…beraien kanta honetako 6. segundu inguruan entzun dezakegu:

Neguren arazorik gabeko pieza instrumentalean ordea 11. segunduan entzun liteke lehen aldiz eta 32.ean bigarrenekoz:

 

Defunkt – Ooh Baby

Defunkt taldea funtsezkoa da NGSamples unibertsoan. Oraingo honetan, bateria sarkor horri erreparatu behar diogu, etengabe «ohh baby!» oihuka dezakegun bitartean (ad libitum, otoi!). Atal batzuk zoragarriak dira; 6 minutu motz egingo zaizkizu.

Hain zuzen ere, erritmo sakon hori erabili zuten negutarrek aizkorada etengabeak bailiran…gozatu, hauspoa bete arren!

 

Laurie Anderson – O Superman

Imajina ezazu 80. hamarkadako Kaki, Laurie Andersonen zuzeneko batean erabat txunditurik, amerikarrak ahotik laser izpi koloretsuak botatzen zituen bitartean abesten zuela ikusten. Izan ere, audioa entzunez bakarrik antzeman daiteke, bai, ez dela nolanahiko artelana aditzen dena. Pentsa nolakoa litzatekeen performance osoa garai hartan!

Urte batzuk iragan ostean, bizipen hari keinu ezin hobea egingo zion Kakik 1991. urtean abestien arteko isilunea zer zen ez zekien Gure Jarrera diskoaren bidez. Kantaren amaieran duzue samplea entzungai.

 

Steve Cropper – Land Of 1000 Dances

Aiako Txikito mila dantzen lurraldean dabil, hiri gerrilaren dantza barne. Adi intro errepikatuaren ondoren (3. seg) eta piezaren bigarren zatian (19.etik aurrera) itzultzen den perkusioari.

Guda dantza lotu ala askatua den ez dakigu baina 40. segundoko bateria soloak begiak ireki dizkigu. Hirurak. Eskerrik asko, Steve!

 

James Brown – Make It Funky

Negu Gorriaken sanpleen erabilerari dagokionez, interes gehien pizten diguten piezak gaurkoa bezalakoak dira, non NGk osorik sortu-eraiki zituen pista hauek sanpleak erabiliz. Beraien Borreroak Baditu Milaka aurpegi diskako bigarren kanta hau adibidez, NG Bada, izenekoa:

Asko dira pista horretan entzun daitezkeen sanpleak, James Brown-en Make It Funky, besteak beste.