Musikazale arrunt xamarra. Sanple bilatzailea (tximeleten sarerik ez dut). Gidari ez-espirituala. Umoreduna (tarteka txarra). snoidren sarrera guztiak ikusi →
Snoidren sarrera guztiak ikusi →
Txiolandian Zigor Garroren gomendio musikal bati kasu egin ostean, The Cult taldearen 1987ko Electric album itzelaren baitan ezusteko sample bikain bat topatu genuen, noiz eta 2022ko apirilean!! Inoiz ez omen da berandu, #diotenez.
Intro horrek beste bat gogorarazi zigula jakiteak ez zaitu harrituko, ezta? Loop zoragarri bat bereizi, telefono tonu baten soinua erantsi eta…horratx!
Koka gaitezen: 80ko hamarkada bete-betean gaude (1986?) eta Tolosako zezen plazan bi koloso beraien indarrak neurtzeko prest dira; batetik Olasagasti eta bestetik Mindegia. Alabaina, bazen hirugarren bat: Kaki Arkarazo. Unean zeukan lanak hala eskatuta, enborpean mikroa kokatu zuen, handik gutxira Kortaturen “Kolpen-kolpe” kantaren introa izango zena grabatuz. Bertako aizkorakada bat da gerora besteak beste “Dallas-Euskadi 1963” piezan entzungo duguna, baita Fermin Muguruzaren hurrengo egitasmo ia guztietan ere. Ez da ez, sanple kamutsa gero! Kronologikoki bidaia eginez gero, 1988tik hasiko gara.
Handik 5 urtera, Negu Gorriak taldearen ikur izango ziren aizkoren hotsak, diskoen atmosferan jarraitzen zuen zorrotz.
NG aroa pasata ere, Ferminen inguruan jarraitzen zuten soinu lehor eta azkarrek.
“Hipokrisiari Stop!” izeneko zuzeneko diskaren sarrerak ere gurean aipamen bat merezi du. Izan ere, “¿Cando se xoga á pelota aquí?” introak taldearen erreferente izan zen Public Enemy sanpleatzen baitu, zehazki beraien “Shut’em down”; erreparatu erritmoari:
Bilboko 1993. urteko kontzertuaren diska, era honetan aurkeztu ziguten:
Original Concepten sanpleek hainbesteko garrantzia eta lekua dute “No problem” kantuan, non diska beltzeko hurrengo kantan ere eragina duten. Kasu honetan, “Sabel hiztunaren ordu ikaragarria”ri egokitu zitzaion. Hasieratik zerabilkien basearen funtsa OCren kantaren bukaerako (3. minutua, 10. segundua) berbera da beste abiadura batean izan arren:
Entzun orain kanta hasieran leku hartzen duen basea:
«NG Brigada Peligros» den anabasa goxo horretan, badira joan etorrian dabiltzan ahots ezberdin batzuk…12. segundotik 19.era doan koruari arreta jarriko diogu sarrera honetan.
Topatu dugun bertsiorik antzekoena Maceo Parker saxofoijolearen zuzeneko itzel honetan entzun dugu guk. Bertatik aterata dirudi, ezta? Adi 3. minututik aurrerako ahotsei.
Bisitari iraultzailea Hego Ameriketan da bere nagusitasuna erakusten eta hori guztia girotzeko, Los Van Van handiez gain Willie Colón ere ezin zen falta. Bere hit handienetakoa izan zen 1990.ean kanta hau:
Williek bere kantaren hasiera animatzeko erabili zuen aldaketa latz eta alai huraxe erabili zuten negutarrek Bisitari Iraultzailearen azken zatian. Entzun!
Sample hau zehazki lortu ez dugun arren, badakigu abesti honen zuzeneko bertsio batean dagoela bilatzen duguna. Izan ere, sampleaturiko ahotsak “yo sólo quería (eso mami)” baitzioen, abesti baten izenburua dena ia-ia. Kakik baieztatu zigunez, Los Van Van taldearen “Aquí el que baila gana” kasetari sua atera zioten taldekideek batetik bestera zihoazen bakoitzean. Tamalez, zuzeneko zehatza ez dugu topatu oraindik. Hortaz, kantaren estudio bertsio batekin moldatu beharko gara oraingoz…
Goian aipatu dugun ahots lagina honako kantan entzun daiteke 1:37 unean. Inork esango al digu non den bilatzen dugun bertsioa?! 😉
Aiako Txikitoren beste bidaideetako bat Curtis Mayfield izan daitekeela uste dugu. Izan ere, bere “Move on up” entzutetsuko bongo erritmo bizi bikaina buruan dugunez, hemen gehitzea erabaki dugu.
Zer deritzozue? Negu Gorriaken piezan Curtis dabil ere? Ala ez? Idatzi iruzkinen bat!
Askotan entzuten den aire instrumentu baten sanple bat dugu hau…gaur egungo rap taldeek erabiltzen jarraitzen dute oraindik ere. Jatorrira joanez gero, Lafayette Afro Rock Band topatzen dugu:
Geurera etorriz, Mikel Laboak Bertolt Brecht errezitatzen zuenekoa dugu abiapuntu. “Gaberako aterbea” izena zuen kantak; Negu Gorriak taldeak bertsioa egiteaz gain, bertako lerroetatik jasoko zuen izena gerora. Sanple hau beraz, taldearen sorrerarekin bat doa (22. segundutik aurrera):
Original Concept taldeak “No problem”i egindako beste ekarpen bat eskratxaren ondotik datorren garrasi bat da…beraien kanta honetako 6. segundu inguruan entzun dezakegu:
Neguren arazorik gabeko pieza instrumentalean ordea 11. segunduan entzun liteke lehen aldiz eta 32.ean bigarrenekoz: