Txiolandian Zigor Garroren gomendio musikal bati kasu egin ostean, The Cult taldearen 1987ko Electric album itzelaren baitan ezusteko sample bikain bat topatu genuen, noiz eta 2022ko apirilean!! Inoiz ez omen da berandu, #diotenez.
Intro horrek beste bat gogorarazi zigula jakiteak ez zaitu harrituko, ezta? Loop zoragarri bat bereizi, telefono tonu baten soinua erantsi eta…horratx!
1991ean “El chico más pálido de la playa de Gros” bilduma agertu zen, Pochen omenezko diskoa, eta Negu Gorriakek Derribos Arias taldearen Dios Salve al Lehendakari (1982) abestiaren bertsio euskaratua egin zuen diskorako (bueno, akaso Siniestro Totalek 1986an egindako bertsiotik hurbilago dago?). Lagunduko diguzue bertako sanpleak kokatzen?
Elementu desberdinak ditugu hemen. Hasteko, garai honetan oraindik bateria programatuekin aritzen ziren NGkoak. Bestetik, 0:55 eta 1.02 artean efektu tetriko bat azaltzen da (ziurrenik gitarra batekin egindakoa). Ez dakigu bi horiek sanpleak diren edo taldeak ekoiztutako elementuak, baina aldiz kanta amaieran agertzen diren beste hauek ziur badirela.
Felipe Gonzalez agertzen zaigu “para gobernar lo que sirve es partir el bacalao” esaten. 80ko hamarkada amaieran esan omen zuen baina ez dugu oraindik grabazio hori (bideo zein audioa, berdin zaigu) topatu blogean jartzeko. Segidan gitarra elektriko gogor eta azkar bat agertzen da, sanpleatua iruditzen zaiguna. Eta azkenik abesti koral bat azaltzen da.
Identifikatzen al dituzue? Ba al dakizue nondik hartu zituzten elementuok Negu Gorriakekoek? Jatorrizko piezak entzun nahi ditugu, bidali ahal dizkiguzue?
Negu Gorriaken BSO kantan inor sanpleatua izan bazen, hori LKJ dugu. Peachi eskainitako reggeaz gain, seme batek amari kartzelatik idatzitako gutuna ardatz duen Sonny’s Lettah kantatik honako esaldia erabili zuten (2. minutua pasa berritan):
“Mama, mek i tell you wa dem do to Jim? Mama, mek i tell you wa dem do to ‘im?”
Negu Gorriaken kantan ia abestiaren une berean daude sanpleatuak Sonnyk amari egiten dizkion galderak (2 min. 09 seg.)
Goizaldeko bostetan, herrian, irekitzen duten lehenengo tabernan Linton Kwesi Johnson topa dezakegu Peachi reggae bat eskainiz. Are gehiago, sustraietara jotzen badugu, dub batekin erakutsiko digu jendarteari zor dion amorrua:
Jakina, ezaguna izango zaizu kanta osoa, urte batzuk beranduago Negu Gorriak berak kantaren bertsio abestu osoa bertsionatu baitzuen, beraien bizitzetako BSOko parte zelako alpalditik:
“Luis Mariano chant le Pays Basque” izeneko albumean agertu zen 1968an “Ezin Ahaztu” kantua, eta 25 urte geroago “Borreroak baditu Milaka Aurpegi” diskoan “Hipokrisiari Stop!”. Baina 1996ra arte ez genuen bi hauek elkarturik entzuteko aukera izan, Galindoren kontrako auzian laguntza lortzeko kaleraturiko Ustelkeria xelebrekerien diskoan NGren kantaren erremixa argitaratu zutenean Luis Mariano sampleaturik entzun zitekeen, scratch moloien artean. Hemen Negu Gorriaken kanta:
“Bai, nik ere errezitatzen nuen Bertol Brecht” dio abeslariak Hitz Egin kantuan. Ferminek Bertol Bretch errezitatzen zuen Silvio Rodriguezek bezala, eta Oker Dabiltza kantaren amaieran (2:41etik aurrera) Silvioren ahotsa txertatu zuten, honela:
Hemen duzue kantautore kubatarraren 1975ko Sueño con Serpientes kantua.