Etiketaren artxiboa: 1995

Funkdoobiest – The Funkiest

Ideia Zabaldu diskoak badu hitzaurre oso politta…besteak beste, doinu aborijen antzeko bat, Joxepa Arregirena izan litekeen ahots bat eta hainbatetan errepikatzen den gizon ahots bat topa genezake ere, honako hau diona:

“He had the voice of a courageous explorer, a man dedicated to the pursuit of knowledge and the expansion of his horizons…”

Dokumental batekoa dirudi, ikertzaile (kolonizatzaile?!) bati laudorioka dabilen off ahots bat, ezta? Jatorrizkoa nondik aterata dagoen ikertzen (baina ez kolonizatzen) dugun bitartean, gure belarriek topatu duten bertsio bat partekatzea baino ezin dugu egin. Hemen ere kanta hasieran erabili zuten ahotsa:

Cypress Hilletik oso gertu zegoen talde honek 1993an argitaratu zuen kanta hau eta Ideia Zabaldu 1995ekoa da; beraz, baliteke Los Angeleseko taldeak zuzenki eragin izana.

 

Peter Gabriel eta Nusrat Fateh Ali Khan – Taboo (Natural Born Killers OST)

Sample zoragarri hau Mikel Abregok txibatu zigun; zoragarria dela diogu, zinearen munduarekin lotura zuzena izateaz gain, kantuaren atzean dauden egileak ez direlako nolanahikoak. 90. hamarkadako pelikularik esanguratsuenen artean dugu Natural Born Killers, hegoaldekoontzat «Asesinos natos» izenarekin iritsi zitzaiguna. Filma latza zen, sarraskiak eta hildakoak uneoro. Pelikulako etenik gabeko arrisku egoera horren laburpen bikaina da Nusrat handiak bere ahotsaz egiten diguna, gorabehera horiekin gugan ezinegon bat sorraraziz. Abeslari pakistandarra mendebaldean (eta mundu osoan zehar) ezagun egin zuena Peter Gabriel bera izan zen. Lankidetza haren ondorenak oraindik ere birrargitaratzen dira XXI. mendeko 20. urtearen buelta honetan. Adi: 3. minutuko 17. segundoari

Zeinen ongi bereizten den ahots zirraragarri hori Hitzaurreko tiro hotsez, indigenen soinuez, Joxepa Arregiren esaldiaz eta enparauez lagundurik, ezta? (20. segundoan eta 40.ean)

Eskerrik asko, Pintza power!

 

Joxepa Arregi

Negu Gorriak taldearen Hitz Egin kantu ospetsuaren amaieran Joxepa Arregi entzun dezakegu “Nik euskeria defendiduten dot” esaten, eta baita “kastigua kunplidu behar”. Adi egon!

Joxepa Arregi Euskal Preso eta Iheslari Politikoen aldeko borrokalari sutsua izan zen. Etxerat elkarteko lehendakari izan zen eta ziur grabaketa asko eta askotan agertu zela. Ez dakigu, ordea, honako hau nondik hartu zuten zehazki Negu Gorriakekoek, baina sanple batetan ez ezik, bideoa bera euren 91+1 Tour VHS bideoan erabili zuten. Lagunduko al duguzue argitzen jatorrizko bideoa noizkoa eta nongoa den? (Pista: Irudietan BBCren logoa ikusi daiteke…)

Eta ez sanple batetan! Bata bestearen atzetik, Ideia Zabaldu irekitzen duten Hitzaurrea eta Hitz Egin kantuetan txertatu zuten Joxeparen ahotsa. Entzun dugu dagoeneko Hitz Egin, goazen bada orain Hitzaurrearekin.

 

Motörhead – Fire Fire

Sanple hau ere Toni Estebani esker erdietsi dugu; antza denez, ez dugu Motörhead behar bezainbeste entzuten!! 2. minututik aitzina entzuten duzuna ezaguna ez bazaizu, ez duzu Negu Gorriak behar bezainbeste aditzen:

Negu Gorriaken “Ideia Zabaldu I” sasi-kantan entzuetn ditugu kitarra zorrotz horiek, Mano Negra bera eta Todos Tus Muertos taldearen “Alerta Guerrillas” gogora ekartzen dizkidan artelan honetan:

 

En Vogue – Free your mind

Sorkunekin batera abesturiko kanta honek badu “Free your mind!” oihu sanpleatu bitxi bat. Jatorria 90. hamarkadan zeresana eman zuen En Vogue taldearengan kokatu behar dugu, zehazki oihukatzen duten esaldi bera izenburutzat duena. Grammyetara nominatua izan zen 1992ko kanta entzutetsu hau sanpleatua izatea ez da ba harritzekoa.

Era itzel honetan txertatu zuen lagina Negu Gorriak taldeak, kanta hasieran:

 

De La Soul – Millie Pulled A Pistol On Santa

De La Soul tarteka sampleatu behar izan du Negu Gorriak taldeak. Ez zaigu kasualitatea iruditzen, talde amerikarrak dauzkan doinu goxoekin maitemintzea oso erraza baita, duela hamarkada batzuk zen bezalaxe…

Jatorrizko kantan, Milliek Santa Klaus begipuntuaren xedean eduki zuenekoa kontatzen digute New Yorkekoek… Hasierako erritmoa ongi gorde gogoan, errimetan murgildu aurretik.

Erritmo hori zertxobait motelduz Begirunearen sarrera eta irteera bilakatu zen, argitaratu zenetik 4 urtera. Orain galdera hauxe da: Marcos azpikomandanteari ze irudituko zitzaion Santari bala bat sartzea?