Etiketaren artxiboa: 1991

Carlos Mejía Godoy – Los Explosivos

Nork ez du ba kanta hau ezagutzen? Negu Gorriaken kanta ezagunena izango da ziurrenik Gora Herria, oraindik ere dozenaka berbenatan entzun daitekeena astebururo. Bertan entzun daitekeen “Para vencer al tirano y su guardia nacional…” oso entzuna badugu ere, oso gutxik jakingo dute bere jatorria Carlos Mejía Godoy nikaraguar abeslariaren Los Explosivos kantuan entzun daitekeela:

Eta hemen duzue Negu Gorriaken kantua, Gora Herria Maxi single-ean agertu zen bertsioan:

 

Arthur Conley – People sure act funny

Sam Cooke eta Otis Redding artean koka genezakeen Arthur Conley handia ere ez zuen ahaztu Irungo boskoteak. Gorria zenentz ez dakigu, baina homosexuala zela bai; barkamenik gabeko bekatu horren ondorioz, Herbehereetan eman zituen bere azken urteak; bere sorterritik urrun. Luis Mariano beltz honen “People sure act funny” kantaren intro dekadenteari adi!

Jendeak era barregarrian ziurki jokatu ala ez, 17. segundoan topa dezakegun sample hau Reixaren «refrito»a maisuki erdibitzeko gai da.

 

De La Soul – Millie Pulled A Pistol On Santa

De La Soul tarteka sampleatu behar izan du Negu Gorriak taldeak. Ez zaigu kasualitatea iruditzen, talde amerikarrak dauzkan doinu goxoekin maitemintzea oso erraza baita, duela hamarkada batzuk zen bezalaxe…

Jatorrizko kantan, Milliek Santa Klaus begipuntuaren xedean eduki zuenekoa kontatzen digute New Yorkekoek… Hasierako erritmoa ongi gorde gogoan, errimetan murgildu aurretik.

Erritmo hori zertxobait motelduz Begirunearen sarrera eta irteera bilakatu zen, argitaratu zenetik 4 urtera. Orain galdera hauxe da: Marcos azpikomandanteari ze irudituko zitzaion Santari bala bat sartzea?