Etiketaren artxiboa: 1990

De La Soul – Eye Know

Bistan da Negu Gorriakekoek De la Soulen lehen diska gogotik entzun zutela 1989 inguru horretan. Hona hemen beraiengandik jasotako beste ekarpen txiki bat; hain juxtu, kanta hasierako soinua erabili zuten “Nire bizitza osoa”rako, Sam Cookeren ahotsa akabatu aurretik:

Bukaeran entzun dezakezue hemen (36. segunduan):

PD: gure lagun Basanabasak kontatuta, De La Soulekoek ere sanpling kirola praktikatzen zuten; horregatik, beraien kantako Kitarra eta Bateria, kanta askoz zaharragoetatik mailegatu zituztela aipatu beharra dugu.

 

Public Enemy – Bring the Noise

1990. urtean NGk lehen diska kaleratu zueneko kanta batekin gatoz oraingoan, Negu Gorriak izeneko diska hain zuzen. Garai honetako kantuak rapetik oso gertu zeuden, izan ere, inoiz ez dute ezkutatu Public Enemy taldearen eragin zuzena izan zuela Negu Gorriak taldeak, eta Seinalea kantua horren adibide da. Ez bakarrik estilo antzekoagaitik, bertan Public Enemyren “Bring The Noise” leloa sanpleatu zutelako baizik.

A capella bertsioak lagin garbiagoak eman ohi dituenez, ziurrenik hemendik hartu zuen berea Negu Gorriak taldeak:

Argi eta garbi entzun dezakezue 1:12 minutuan sanplea:

 

Linton Kwesi Johnson – Peach Dub

Goizaldeko bostetan, herrian, irekitzen duten lehenengo tabernan Linton Kwesi Johnson topa dezakegu Peachi reggae bat eskainiz. Are gehiago, sustraietara jotzen badugu, dub batekin erakutsiko digu jendarteari zor dion amorrua:

Jakina, ezaguna izango zaizu kanta osoa, urte batzuk beranduago Negu Gorriak berak kantaren bertsio abestu osoa bertsionatu baitzuen, beraien bizitzetako BSOko parte zelako alpalditik:

 

Silvio Rodriguez – Sueño con Serpientes

“Bai, nik ere errezitatzen nuen Bertol Brecht” dio abeslariak Hitz Egin kantuan. Ferminek Bertol Bretch errezitatzen zuen Silvio Rodriguezek bezala, eta Oker Dabiltza kantaren amaieran (2:41etik aurrera) Silvioren ahotsa txertatu zuten, honela:

Hemen duzue kantautore kubatarraren 1975ko Sueño con Serpientes kantua.

 

NWA – Fuck tha police

1988an NWA taldeak plazaraturiko hiten artean “Fuck tha police” dugu. Epaiketa batean kokatzen dute kanta; bertan, gazte beltz akusatu batzuk poliziaren inpunitatezko basakeria salatzen dute.

Negu Gorriak seinalearen zai zegoen bitartean, EEBBetako mendebaldeko kostako gangsterren oihuak leku hartzen zuen beraien abestian (38 eta 50. segunduen bueltan eskratxaren ondoren):

 

Take 6 – WE LOVE radio (jingles)

WE LOVE radio, from the heart of Bed-Stuy!! dio Jingle-ak irratitzarrean, Spike Leeren laugarren luzemetraian. NGren Radio Rahim kanta ospetsuan, Do the Right Thing (Eginzazu Behar Duzuna) ezinbesteko filma da kontatzen digutena, eta honen hasieran jingle horietako bat entzun daiteke, honela:

Eta hemen jatorrizko Jingle-ak.

 

Eric B. & Rakim – Move The Crowd

Donostiako belodromoa jendetza handia biltzeko toki aparta zen 80. hamarkadan. Han egiten ziren kontzertu handiak, mitin politiko gogoangarriak edota bertso-final apartak. Garai hartan, Donostiatik milaka kilometrora, Eric B. eta Rakimek bazekiten jendetza mugitzea zertan zetzan:

Bertsio instrumental honetako erritmo moteldua da Peñagarikano eta Egañaren artekoa birgogoratzeko erabilitakoa.

 

De La Soul – Transmiting live from mars

Azken tangoa…ez dakigu Parisen gaudenentz, baina honako sanple hau frantzesa da hizkuntzari dagokionean behintzat: “écouter et répéter“. Ez dakigu ongi idatzi ote dugun ere lagina…hobe dugu ikastaro trinko bati ekin De La Soulen eskutik…

Neguk, aldiz, horrela erabili zuen audio puska, eliza deskribatu zueneko abestitxoan: