Etiketaren artxiboa: 1988

Olasagasti Vs Mindegia

Koka gaitezen: 80ko hamarkada bete-betean gaude (1986?) eta Tolosako zezen plazan bi koloso beraien indarrak neurtzeko prest dira; batetik Olasagasti eta bestetik Mindegia. Alabaina, bazen hirugarren bat: Kaki Arkarazo. Unean zeukan lanak hala eskatuta, enborpean mikroa kokatu zuen, handik gutxira Kortaturen “Kolpen-kolpe” kantaren introa izango zena grabatuz. Bertako aizkorakada bat da gerora besteak beste “Dallas-Euskadi 1963” piezan entzungo duguna, baita Fermin Muguruzaren hurrengo egitasmo ia guztietan ere. Ez da ez, sanple kamutsa gero! Kronologikoki bidaia eginez gero, 1988tik hasiko gara.

Handik 5 urtera, Negu Gorriak taldearen ikur izango ziren aizkoren hotsak, diskoen atmosferan jarraitzen zuen zorrotz.

NG aroa pasata ere, Ferminen inguruan jarraitzen zuten soinu lehor eta azkarrek.

 

Kurtis Blow – Express Yourself

Sanple hau azaltzeko buelta ederra eman behar dugu. Jatorria Charles Wright & the Watts 103rd Street Rhythm Band taldeak 1970ean grabatutako Express Yourself kanta mundiala da. Gurera askotan ekarri dugun NWA taldeak bere hip hop bertsio bikaina egin zuen 1988an, eta Negu Gorriakek beren 1996ko Salam Agur diskan ere NWAren bertsioa bertsionatu zuten. Onaino, dena ongi. Baina ondo fijatu ezkero, bada 103 kaleko bandaren eta Negu Gorriaken bertsioan, tronpeteo eder bat, NWA taldeko bertsioan ez dena inondik ageri. Tronpeteo hori Negu Gorriakek lehenago ere sanpleatu zuen 1990. urtean Hator Hator kaleratu zutenean:

Argi entzun daiteke, sanpleatutako zatia 1:31 segunduan, eta ez, ez dira 103 Street Rythm Band-ekoak eta ezta ere NWA taldekoak. Hau Kurtis Blow izan zen, 1988an argitaratu zuen Back by Popular Demand diskoan kaleratu zuen Express Yourself abestiaren moldaketan:

 

Original Concept – Prejudice

Original Concepten sanpleek hainbesteko garrantzia eta lekua dute “No problem” kantuan, non diska beltzeko hurrengo kantan ere eragina duten. Kasu honetan, “Sabel hiztunaren ordu ikaragarria”ri egokitu zitzaion. Hasieratik zerabilkien basearen funtsa OCren kantaren bukaerako (3. minutua, 10. segundua) berbera da beste abiadura batean izan arren:

Entzun orain kanta hasieran leku hartzen duen basea:

 

Original Concept – Pump that Bass

1980 hamarkadako Original Concept talde xelebrea izan zen, oso originala izan zen haien kontzeptua: kaleratu zuten disko bakarrean, kanta asko instrumentalak ziren, rapeorik gabe. Deejayen trebezia erakusteko taldea, beraz. Gaur aurkezten dizuegun kantuan adibidez, scratch ederrak egiten ditu Doctor Drék.

Scratch horiek Negu Gorriaken Beste Kolpe Bat kantan entzun ditzakegu, honela:

 

Original Concept – Here Comes The 5-Oh!

Original Concept taldeak “No problem”i egindako beste ekarpen bat eskratxaren ondotik datorren garrasi bat da…beraien kanta honetako 6. segundu inguruan entzun dezakegu:

Neguren arazorik gabeko pieza instrumentalean ordea 11. segunduan entzun liteke lehen aldiz eta 32.ean bigarrenekoz:

 

Run-DMC – Radio Station

Sanple hau ere 1988 urte emankorrekoa dugu. Ez dugu ahaztu behar urte hori hartzen dela Estatu Batuetako Hip Hoparen eskola zaharraren urrezko garaitzat, orduan argitaratu baitziren diskarik salduenak. Run-DMC taldearen kanta honetan ia uneoro entzuten dugun sanplea, baina 2:33tik 2:37ra doan denbora tartea da aukerarik garbiena eta hori baliatuko zuten euskaldunek beraien kantarako:

Negu Gorriakenean 30. segundutik 34.era entzuten dugun berbera, alegia:

 

Original Concept – Runnin You Mouth

Sanple honek, horren ezaguna ez den talde batengana hurbildu gaitu: Original Concept. Beraien “Runnin you mouth” entzutea ere ez da oso ohikoa. Baliteke, ahotsak jatorriz beste nonbaitetik etortzea ere, hots, Original Concept taldeak sanpleatuak izatea aldi berean. Guk “no problem” sanplearen arrastoa hemen topatu dugu oraingoz:

Negu Gorriak honela erabili zuen:

PD: gerora jakin ahal izan dugu jatorrizkoa pelikula bati dagokiola: «Fast times at Ridgemont high». Are gehiago, Sean Penn gazte baten (Spicoli) eta Ray Walston (Mr Hand) aktoreen ahotsak zirela. Eszena nahikoa tentsoa da, bai… xD

Bide batez, Original Concepten albumak eta pelikularen izenburuak duten antzekotasuna aintzat hartzeko modukoa dirudi.