Etiketaren artxiboa: 1982

#LagunduNGsamples: Jainkoak Gorde Beza Lehendakaria

1991ean “El chico más pálido de la playa de Gros” bilduma agertu zen, Pochen omenezko diskoa, eta Negu Gorriakek Derribos Arias taldearen Dios Salve al Lehendakari (1982) abestiaren bertsio euskaratua egin zuen diskorako (bueno, akaso Siniestro Totalek 1986an egindako bertsiotik hurbilago dago?). Lagunduko diguzue bertako sanpleak kokatzen?

Elementu desberdinak ditugu hemen. Hasteko, garai honetan oraindik bateria programatuekin aritzen ziren NGkoak. Bestetik, 0:55 eta 1.02 artean efektu tetriko bat azaltzen da (ziurrenik gitarra batekin egindakoa). Ez dakigu bi horiek sanpleak diren edo taldeak ekoiztutako elementuak, baina aldiz kanta amaieran agertzen diren beste hauek ziur badirela.

Felipe Gonzalez agertzen zaigu “para gobernar lo que sirve es partir el bacalao” esaten. 80ko hamarkada amaieran esan omen zuen baina ez dugu oraindik grabazio hori (bideo zein audioa, berdin zaigu) topatu blogean jartzeko. Segidan gitarra elektriko gogor eta azkar bat agertzen da, sanpleatua iruditzen zaiguna. Eta azkenik abesti koral bat azaltzen da.

Identifikatzen al dituzue? Ba al dakizue nondik hartu zituzten elementuok Negu Gorriakekoek? Jatorrizko piezak entzun nahi ditugu, bidali ahal dizkiguzue?

Jarraitu #LagunduNGsamples: Jainkoak Gorde Beza Lehendakaria irakurtzen

Defunkt – Ooh Baby

Defunkt taldea funtsezkoa da NGSamples unibertsoan. Oraingo honetan, bateria sarkor horri erreparatu behar diogu, etengabe «ohh baby!» oihuka dezakegun bitartean (ad libitum, otoi!). Atal batzuk zoragarriak dira; 6 minutu motz egingo zaizkizu.

Hain zuzen ere, erritmo sakon hori erabili zuten negutarrek aizkorada etengabeak bailiran…gozatu, hauspoa bete arren!

 

Defunkt – For The Love Of Money

70. hamarkadan The O’Jays talde aski famatuaren hit baten bertsioa egin zuen Defunkt taldeak, humanook diruzaletasunarekiko dugun joera nabarmenduz. Hasieratik belarrietan sartuko zaizun punteo azkarrari erreparatu, bateria begiz galdu gabe. Latza!

Gitarra soinu errepikakor zorrotz hori bikainki txertatu zuten “Beste kolpe bat” mitikoan (lehen aldiz 17. segundoan). Diruzalekeria ere errotik ebaki behar baitugu, ezta?

 

Otis Redding – Good To Me

Fermin Muguruzak publikoki behin baino gehiagotan esana du, berak Otis Reddingen antzera abestu nahiko lukeela. Tira, bien ahotsen artean dagoen aldea ez da txikia…dena den, nork behar du eztarria landu sanplegintza gertu denean? Otis Reddingen zuzenekoen disko honetako intro honek aukera ezin hobea eskaini zien Neguko taldekideei soul abeslari mitikoaren ahotsa eskuratzeko.

Gure Jarrera diskoko Sarrera kantuan txertatu zuten Otisen ahotsa, album berria grabatzen ari dela diolarik, base erritmiko sendo batez lagunduta. Itzela, ezta?

 

Grandmaster Flash & The Furious Five – The Message

New Yorkeko Hip Hop munduko aitzindari bat dugu Grandmaster Flash DJa. Bizi den testuinguru oldarkorrak alde batetik bestera jitoan darama abestiaren protagonista eta nahikoa dauka burua ez galtzearekin:

Eta kantaren hasiera berbera den arren, Negu Gorriaken “mezua” bestelakoa da, erabat: borrokaz garaipenera, Galindoren aurrean egin zuten bezalaxe!