✪ Bizkaitarra, reggae zalea, deejaya, bastante frikia, burugogorra eta oso plasta (bereziki politikarekin) eta teknika audiobisualetan interesatua (ahal bada, software askearekin! )
✪ Irola Irratian aritzen naiz noizbehinka eta beste irrati batzutan ere aguantatu naute...
✪ gure inguruko kolektibo sozial eta politikoekin dantzan...
✪ Kaserna musika taldean nabil...
✪ Urkorekin batera produkziotan hasi ginen, eta intro bat gara ere egin genuen...
✪ Blog pertsonala neukan Holandako sute batek suntsu zuen arte...
✪ EH Soundz izeneko proiektu batetan ere ibili ginen...
✪ NG samples blogak gauza ederrak eman dizkit.
✪ GAUZA ASKO!!
kimoren sarrera guztiak ikusi →
1991ean “El chico más pálido de la playa de Gros” bilduma agertu zen, Pochen omenezko diskoa, eta Negu Gorriakek Derribos Arias taldearen Dios Salve al Lehendakari (1982) abestiaren bertsio euskaratua egin zuen diskorako (bueno, akaso Siniestro Totalek 1986an egindako bertsiotik hurbilago dago?). Lagunduko diguzue bertako sanpleak kokatzen?
Elementu desberdinak ditugu hemen. Hasteko, garai honetan oraindik bateria programatuekin aritzen ziren NGkoak. Bestetik, 0:55 eta 1.02 artean efektu tetriko bat azaltzen da (ziurrenik gitarra batekin egindakoa). Ez dakigu bi horiek sanpleak diren edo taldeak ekoiztutako elementuak, baina aldiz kanta amaieran agertzen diren beste hauek ziur badirela.
Felipe Gonzalez agertzen zaigu “para gobernar lo que sirve es partir el bacalao” esaten. 80ko hamarkada amaieran esan omen zuen baina ez dugu oraindik grabazio hori (bideo zein audioa, berdin zaigu) topatu blogean jartzeko. Segidan gitarra elektriko gogor eta azkar bat agertzen da, sanpleatua iruditzen zaiguna. Eta azkenik abesti koral bat azaltzen da.
Identifikatzen al dituzue? Ba al dakizue nondik hartu zituzten elementuok Negu Gorriakekoek? Jatorrizko piezak entzun nahi ditugu, bidali ahal dizkiguzue?
1989an Spike Lee zinema zuzendariak bere lan interesantenetako bat argitataru zuen, Do The Right Thing (Eginzazu Behar Duzuna). Handik urtebetera filme honen istorioa laburbildu zuen Negu Gorriak haien Radio Rahim abestian, eta nola ez pelikulatik sanple pare bat hartu zituzten. Gaurkoan, abestiaren amaiera aldean (3:12 eta 3:17 minututan hain zuzen) entzun daitekeen “do the right thing” esalditxoa erreskatatu nahi dugu:
Brooklyneko Bedstuy auzoaren bihotzean bizi den eta “alkatea” esaten dioten auzokideak esaten du esaldia filmean, nahiz eta gero NGkoek pitch moldaketa egin zioten kantuan txertatzeko. Trailerraren ere agertzen da esaldia, justo amaieran:
Sanple hau azaltzeko buelta ederra eman behar dugu. Jatorria Charles Wright & the Watts 103rd Street Rhythm Band taldeak 1970ean grabatutako Express Yourself kanta mundiala da. Gurera askotan ekarri dugun NWA taldeak bere hip hop bertsio bikaina egin zuen 1988an, eta Negu Gorriakek beren 1996ko Salam Agur diskan ere NWAren bertsioa bertsionatu zuten. Onaino, dena ongi. Baina ondo fijatu ezkero, bada 103 kaleko bandaren eta Negu Gorriaken bertsioan, tronpeteo eder bat, NWA taldeko bertsioan ez dena inondik ageri. Tronpeteo hori Negu Gorriakek lehenago ere sanpleatu zuen 1990. urtean Hator Hator kaleratu zutenean:
Argi entzun daiteke, sanpleatutako zatia 1:31 segunduan, eta ez, ez dira 103 Street Rythm Band-ekoak eta ezta ere NWA taldekoak. Hau Kurtis Blow izan zen, 1988an argitaratu zuen Back by Popular Demand diskoan kaleratu zuen Express Yourself abestiaren moldaketan:
Sarrera hau NAIZ Irratiak idatzi zuen 2021/07/09-an.
Iñigo anaia zendu zenetik Fermin Muguruzak ez du elkarrizektarik eman, baina hori aldatzeko nahikoa arrazoi ona iruditu zaio Telmo Trenorren ∫ateliteak saioko gonbidapena. Negu Gorriak-en samplegintza aztertu dute beste bi adituren konpainian: NG Sampleseko Kimo eta Snoid Jauna.
Kasualitateak ez dira maiz gertatzen eta, horregatik, polita da horiek nabarmentzea. Ekaineko egutegia esku artean hartu, egun bat hautatu eta gonbitea luzatu zion ´∫ateliteak Deluxe II’ irratsaioan parte hartzeko Telmo Trenorek Fermin Muguruzari. Negu Gorriak taldeak erabilitako sampleen inguruko «arkeologia musikala» egitea zen Trenorren intentzioa eta horretarako bildu nahi zituen NG Samples-eko Kimo eta Snoid Jauna eta, noski, Fermin Muguruza. Anaiaren heriotza gertatu zenetik elkarrizketarik ez du eman irundarrak. Dena utzi du bertan behera: kontzertuak, kolaborazioak, hedabideekin harrremanak, denbora bat hartu du berarentzako. Baina nonbait tentatu dio Telmo Trenorrek proposatutako gaiak eta baita konpainiak ere, eta horregatik heldu egin dio gonbiteari: «Ba egun ona aukeratu duzu! Justu gaur (ekainaren 25ean grabatu zen saioa) 30 urte betetzen dira Negu Gorriak-en ‘Gure Jarrera’ diskoa kaleratu genuenetik.»
Asteazkenero gidatzen du Telmo Trenor disko ziztatzaileak ‘∫ateliteak’ saioa Naiz Irratian. Elektronika saioa da eta badu sekzio bat ‘Who is it’ izena duena. Bertan, kantuetako sampleak aztertu egiten dira eta jatorrizko abestiak entzuten. Esan daiteke sampleak direla beste kantu edo audioetatik hartzen diren mailegu musikalak eta maiz gertatu moduan teknika honen jatorriaren inguruan bertsio ugari daude. Batzuek diote XX. mende hasieran New Orleanseko jazzlariak izan zirela aitzindariak, maiz hartzen zituztelako beste kantuetako zatitxoak, eta progresioak egin abiadura azkartuz edo motelduz. Beste batzuek Pierre Schaeffer dute teknika honen sortzailetzat. Teoria honek dio Schaeffer musikarekin esperimentatzen hasi zela aurretik egindako grabazioekin: loopeatu, pitcha aldatu, abiadura azktartu eta moteldu….eta noski hau guztia posible egin zen grabagailuen komertzializazioa eman zenean, orduan, erabat demokratizatu egin zen samplegintza.
Negu Gorriak taldeko arkeologia musikal ariketa honetan ezin ziren faltatu Kimo eta Snoid Jauna, Arkaitz Sagasti eta Urko Rodriguez, hurrenez hurren. Twitterren ezagutu zuten elkar, norbaitek bota zuen erroka: Negu Gorriakeko zenbat sample ezagutzen dituzue? Eta haria luzea izan zen, oso luzea, hain luzea blog bat sortzeko adina eduki bildu zutela eta horrela sortu zuten Kimo eta Snoid Jaunak ‘NG Samples’. Dudarik gabe, altxor bat Negu Gorriaken grupientzako. Baina orain ezin da bisitatu, OVH interneteko azpiegitura enpresak izandako sutearen ondorioz ‘kaput’ egin zuen NG Samplesek. Hala ere, gogoz geratu bazarete, aukera bat baduzue: Info7 irratiko Kale Gorrian saioan astero egiten zuten kolaborazio bat Negu Gorriakeko sample baten berri emanez. Hemen ‘Gora Herria’ kantuaren inguruan egindakoa.
Kortatu
Kortaturen garaian hasi ziren sampleak erabiltzen lehen aldiz, ‘Kolpez Kolpe’ kantua horren adibide. Public Enemy rap taldea izan zen erreferentzia. «Garaian The Clashek kolpatu ninduen bezala, kolpatu ninduen Public Enemy taldeak», esan du Fermin Muguruzak. Long Islandekoek 1988an kaleratu zuten ‘It Takes a Nation of Millions to Hold Us Back’ hip-hop diskoa, hor entzun zituen sampleak lehendabiziko aldiz Muguruzak, eta kontatu du nola hasi ziren lehen samplea propioak egiten. «Kaki Arkarazo Tolosako zezen plazara joan zen haizkora apostu bat zegoelako, grabagailu batekin hurbildu zen eta haizkolariaren arnasa eta guzti grabatu zituen. Sample hori kantu gehiagotan ere erabili dugu!», gaineratu du.
Samplegintzak asko zor dio grabagailuari, horren adibide ere bada ‘Bertso-Hop’.«Nik bi orduko saio bat nuen egunero Egin Irratian, gaueko 22.00etatik 00.00etara. Ah! Eta jakin guk asmatu genuela Maketa Lehiaketa eta ez Gazteak!», gogoratu du irundarrak. Garai haietara itzuliz, aipatu du: «Askotan genituen bonba mehatxuak baina gure erabakia zen estudioan geratzea saioarekin jarraitzeko».
Muguruzak gidatutako ‘Igo Bolumena’ saioaren aurretik, ‘Bota Puntua´saioa zegoen, usurbildar batzuek egiten zuten bertso-saioa. «Gaueko bederatzietarako egoten nintzen Egin Irratian nire saioa prestatzeko. Usurbilgo taldea kriston taldea zen eta harreman oso ona genuen. Kaki Arkarazok bezala, beraiek ere grabadora hartu eta bertso saioak grabatzen zituzten gero asteleheneko saioan komentatzeko. Eta nik bertsoak aditzen nituen bozgorailuetatik, ez nuen asko ulertzen baina oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Behin grabazioak eskatu nizkien, eta horrela sortu genuen Bertso-Hop. Bi plater nituen, batean jartzen nuen ahotsa eta bestean zati instrumentala, esperimentazio hutsa izan zen».
Hain zen Negu Gorriak esperimentazio eremu, diskoa grabatzeko ingeniaria topatzea ez zela batere lan erreza izan. «Hemen Euskal Herrian ingeniari tekniko gutxi zeuden, behintzat bai, guri gustatzen zitzaigun musikarekin lan egiteko. Gogoratzen naiz guk argi esaten genuela: hau nahi dugu. Eta tekinariak, erantzun: hau? Hau gazki grabatuta dago!», kontatu du barrez Muguruzak. Baina M-ak taldea aditu zuenean, Kaki Arkarazorengan jarri zuen begia Ferminek. «Garaian telebista programa bat egiten zuen eta ohartu nintzen erreferentzia berdinak genituela: Talking Heads, New Age, Bad Brains…niretzako erreferente gorenak ziren».
Bien arteko sintonia ona izanen zelakoan ‘Kolpez Kolpe’ diskoa ekoizteko proposatu zioten Arkarazori, eta hark baietz. «Lokalera etorri zen, baina ez zen esku hutsik etorri, baita zera ere! Gitarra eta ‘anpli’ batekin etorri zen. Guk jotzen genuen bitartean bera hasten zen gitarrarekin txorakeriak egiten…..» eta disko ekoizle izatetik, Negu Gorriak taldeko partaide izatera pasa zen. «Hor hasi zen Negu Gorriak-en ideia, oso argi genuelako Negu Gorriak taldea esperimentazio gune bat behar zela izan», esan du Muguruzak.
Sampleetaz hitz egitea esan nahi du erreferentziak zerrendatzea, eta ur askotatik edan izan du Muguruzak. Juan Mari Beltran, BAPeko Okene, Xabier Montoya gogoratu ditu besteak beste. Baina baita zenbait talde ere, The Clash, Public Enemy, Aretha Franklin, Peter Tosh, Benjamin Zephaniah. Eta nola ez, soula eta musika beltza, reggaea, D&B edo jungle errimoak. «Rolling Stones musika aldizkarian elkarrizketatu ninduten behin eta ea zein musikari izan nahiko nukeen galdetu zidaten. Nik Ottis Redding izan nahi nuela erantzun nuen. Muguruzaren ustez hark irudikatzen baitu: sentitzea dena, bizipoza, sufrimendua, «dena adierazten du eta berdin Areta Franklinek ere», dio. «Euskaldun bezala ere sentitzen dut herri honetan asko sufritu dugula. Hemen egon gara 200urte gerretan. Gure kultura eta gure sustraiak sakonak dira. Hemen badugu kultura borrokalari bat, gu langileak gara eta musika izan da bertsio ofizialetik kanpo erabili den tresna bat. Nik komunidade batentzat egiten dut lan eta haientzat abesten dut».
1980 hamarkadako Original Concept talde xelebrea izan zen, oso originala izan zen haien kontzeptua: kaleratu zuten disko bakarrean, kanta asko instrumentalak ziren, rapeorik gabe. Deejayen trebezia erakusteko taldea, beraz. Gaur aurkezten dizuegun kantuan adibidez, scratch ederrak egiten ditu Doctor Drék.
Scratch horiek Negu Gorriaken Beste Kolpe Bat kantan entzun ditzakegu, honela:
It’s the Jungle out there! leloa idatzi dugu blog honen goiburuan NGk beraien Raggamuffin Jaia abestian erabili zuten sanple bat bait da. Zehazki Shinehead artista jamaikar-britainiar-neoyorkinoaren Raggamuffin kantu honetatik hartua:
Negu Gorriaken sanpleen erabilerari dagokionez, interes gehien pizten diguten piezak gaurkoa bezalakoak dira, non NGk osorik sortu-eraiki zituen pista hauek sanpleak erabiliz. Beraien Borreroak Baditu Milaka aurpegi diskako bigarren kanta hau adibidez, NG Bada, izenekoa:
Asko dira pista horretan entzun daitezkeen sanpleak, James Brown-en Make It Funky, besteak beste.
Gure Jarrera diskoaren sarrera badirudi Mezkitara otoi egitera joateko deiarekin hasten dela, baina jakinzazue Sunprinuaren hotsa dela entzuten gabiltzan hori, Euskal Herriko soinu tresna kuriosoenetako bat. Zehazki Juan Bautista Lasarte da eta Euskal Herriko Soinu Tresnak albumerako kanta hau grabatu zuen.
Hona hemen Neguren Gure Jarrera diskoko Sarrera bikaina:
Sarrera hau Info7 Irratiak idatzi zuen 2018/12/15-ean.
Abenduaren 15ean isildu zen betirako Info7 Irratia 13 urteko ibilbidea eta gero. 13:00tan zabaldu ziren azken hitzak «Gu eta zure arteko zubia, zaharra eta berriaren arteko igarobidea, izan dadila lehena bezain emankorra bigarrena».
Aztibegia elkarteko lehendakari den eta irratiaren sorreratik langile den Eider Olazarrek egin ditu azken hitzak.Goiz ederra izan zen, lagun eta bazkide ugari hurbildu ziren Urruñako estudioetara irratiari azken agurra ematera.
200 lagun inguru bildu dira Urruñan, Info7 Irratiko erredakzio ondoan ospatu da festa, errotatiba zaharrean. Momentu ederrez beteta egon da 4 orduko irratsaioa, NG Sampleseko bikotea lau orduz bidelagun, Eider Olazar eta Jon Mikel Fernandezek gidatu dute saioko lehen zatia. Info7 Irratiko hastapenak gogoratzeaz gain aurrera begira jarri dira Gari Mujika, Arantxa Manterola, Haritz Rodriguez, Juanpe Plaza eta Kike Zurutuzarekin.
Protagonismo berezia izan dute ere Info7 Irratiarekin erredakzioa konpartitzen duten GARA, Mediabask eta Kazeta.eus eko kideek.
Goizeko hamaiketatik aurrera Oinatz Aizpuruk eta Amaia Zurutuzak hartu dute saioaren gidaritza. Dinamikoagoa izan da saioaren zati hau, hainbat ikuskizun tartekatuta, entzule eta Info7 Irratiko zaleen agur beroak ere jaso dituzte. Eszenatotikik pasa dira 13 urte hauetan kolaboratu duten hainbat, Agin Laburu bertsolaria, edo ta Pelax eta Iñaki Rifaterra. Azken honek egin du «Guri, zuri, zubi» litografia, Info7 irratian 13 urte hauen kolaboratu eta bazkide izan direnek jaso dutena. Umorerik ez da faltatu saio berezi honetan, Mariano guardia zibila eta Jean Pier jendarmea hurbildu baitira Info7ko azken saiora, eta hara, aitortu dute Info7 irratiko entuzle amorratuak izan direla hasieratik.
Eguerdiko 13:00tan iritsi da momentu bereziena, Info7 Irratiko isiltzea. 4 orduko irratsaioa eta gero, 13 urteko ikusentzunezko laburpen bat ikusi ahal izan dute primizian bertaratutakoek.
Txalo zaparrada ondoren entzun dira Eider Olazarren azken hitzak «Gu eta zure arteko zubia, zaharra eta berriaren arteko igarobidea, izan dadila lehena bezain emankorra bigarrena. Eskerrikasko!» eta betirako ixildu da Info7 irratia. Ez da agur tristea izan baina, jakina baita Info7 Irratia isildu egingo dela proiektu berri baten mesedetan, eta proiektu berria ere oso presente egon da azken irratsaio berezi honetan.
Info7 Irratia isildu bada ere, festak jarraitu du Urruñan. Sound Siter Djak girotu bazkalordua eta ondoren La Jodedera taldeak girotu du festa. Beraiek egin zuten Info7 Irratiaren 10. urteurena.
Sarrera hau Info7 Irratiak idatzi zuen 2018/11/29-an.
NG Samplesen azken atala egin dute Arkaitz Sagastik eta Urko Rodriguezek Info7 Irratiaren itxiera aitzin. 17.Round honetan ere ez da Negu Gorriakek erabilitako sampleen jatorrizko bertsioen bitxikeriarik falta. Gozatu ederra hartu dugu bi hauekin azken urteetan, bideak elkartuko gaitu berriz ere.