Abiadura
Handiko Trenaren kontrako Azkoitiko jaialdian parte
hartu dute Fermin Muguruzak, Ruper Ordorikak, Anarik,
Joseba Tapiak, Gorka Urbizuk eta Maialen Lujanbiok.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak «azkoitiarrak,
azkoitiarrek eta azkoitiarrok» (sic) agurtu
ditu, eta Abiadura Handiko Trenak herriari nahiz
Euskal Herriari oro har ekarriko dizkion onurak
azaldu dizkie oholtza gainetik. Erreferendum hipotetiko
batean boza emateko papertxoa ere eman die. «XXII.
mendera eramango duen AHTrentzako Y trenbide berria
egitearen aldekoa zara?» galdetzen du Jaurlaritzak
papertxotik. Erantzunek, berriz, ez dute aukera
askorik uzten. «Bai» lehenengoa. «Bai,
noski» bigarrena.
Instituzioek
herriari hitza adierazteko uzten dioten tarte txikiaren
parodia dibertigarria bihurtu zen herenegun iluntzean
Azkoitiko Matadeixen AHTren aurka antolatutako jaialdia.
Ibarretxeren klon batek egin zituen aurkezpenak,
eta bere graziarekin, une batez emanaldiko izar
bilakatu zen, nahiz eta musika jaialdia izan.
Izan
ere, musika bai, baina hitza ere protagonista bilakatu
zen ekitaldian. Eta hitza hartu zuen Maialen Lujanbiok
-Joseba Tapiak lagunduta- Mikel Laboaren Sorterriko
koblei tiraka AHTren eta desarrollismoaren aurka
egiteko. Joseba Tapiak, bestaldetik, non zegoen
gogoratu eta Loiolako porrusalda-ri ekin zion, «Inazio
donearen» gainean Koldo Izagirrek idatzitako
hitzekin lagunduta.
Anarik
Leonard Cohenen kantu ederrenetako bat eraman zuen
bere eremura (Chelsea hotel), eta kapitalismo-desarrollismoari
buruzko hitz batekin jantzi, eta Gorka Urbizuk,
berriz, Pedro The Lion taldearen doinu bat moldatu
zuen «aurreko egunean idatzitako hitz batekin».
Lehenengo aldia zen bakarrik aritzen zena, eta herabe
ekin zion lanari. Ruper Ordorikak, berriz, azken
diskoko Hondartza galduan eta Ene begiek klasikoa
jo zituen. Gitarrarekin lagunduta. Fermin Muguruzak,
azkenik, New Orleansera eraman zituen ikusleak,
musika beltzean oinarritutako bi kanturekin.
Artisten
denbora amaitua zen, baina beste artista batek ere
igo behar zuen artean eszenatokira. Orquesta Mondragonen
Viaje con nosotros-en bertsioa (Etengabeko bidaia)
ondu baitzuen Javier Gurrutxagaren klon batek argiak
huts egin zuen arte.
Loturak:
- AHT
EZ Lurraren defentsarako gunearen webloga
- Fermin
Muguruza, Xabi Solano eta Jon Elizalde. Azkoitiko
Matadeixen (07/02/04) [YouTube]
- AHT
EZ GUNEAren aldeko jaialdiaren argazkiak [Flickr]
- Berria
|