negugorriak.net
             
 



[+ noticias]
08/01/28 [BERRIA 08.01.26 / Edu Lartzanguren]
Okene Abrego: «Aspaldi genuen gogoa diskoak geure kabuz eta geure eran ateratzeko»





























 

Okene Abregok (Andoain, Gipuzkoa, 1965) buelta eman zion izenari duela urte pare bat (Eneko zen aurretik). Ezkerretik edo eskuinetik hasita berdin irakurtzen den Inoren ero ni taldearen izena hartu zuen eredu. Bap!! eta Gailu taldeetan jo ondoren, Andoaingo laukotean jotzen du 2002. urtetik. Gaur Bidehuts jaialdian joko du Inoren ero nik, Durangon (Bizkaia), Anari, Lisabo eta Hotelekin batera. Bidehuts egitasmoaren aurkezpen gisa antolatu dute kontzertua.

-Zer da Bidehuts eta zergatik sortu duzue?

Berriki sorturiko plataforma bat da. Hainbat taldetako lagunak bildu gara, gure lanak eta ideiak argitaratzeko. Betidanik izan dugu halako gauza bat sortzeko beharra hainbat diskoetxetan ibilitako musikariok. Ez dugu sortu diskoetxerik ez genuelako, baizik eta lanean jarraitu nahi arren ez genuelako halako oinarri bat gure musika gure kabuz eta geure eran kaleratzeko. Duela hilabete batzuk bildu ginen, eta hemen dago Bidehuts diskoetxe edo plataforma martxan lehengo lau erreferentziekin.

-Diskoetxekin izaniko esperientzia txarrak bultzatu al zaituzte, ala musikarien artean gero eta gehiago zabaltzen ari den autogestiorako gogoak?

Ez da izan esperientzia txarrarik. Metak diskoetxean ibili ginen Lisabo eta Inoren ero ni. Diskoetxea itxi zenean, ez ginen hasi beste baten babesaren bila. Uneaz baliatu ginen aspaldiko ideia gauzatzeko. Diskoak norberak ateratzeak abantaila asko ditu. Poz handia ematen du gauzak zuk nahi zenuen bezala argitaratzeak. Horrek ematen duen lana da alde txarra, baina lana jakinda zertarako den oso gustura egiten da.

-Zergatik elkartu zarete lau taldeok. Filosofia partekatzen duzue?

Urteen poderioz familia txikia bihurtu gara. Gauza asko partekatu ditugu, eta hortik dator elkartu izana. Bizitza bera da partekatzen dugun filosofia.

-Inoren ero ni taldearen hurrengo diskoa (Gronholm) CDaz gain binilozko diskoan plazaratuko duzue. Zergatik biniloa, fetitxismoagatik?

Ez da fetitxismoa, gauzak bereziak egiteko nahia baizik. CD bat guretzat dagoeneko gauza arrunta da, edozein lekutan oparitzen dizute. Bere garaian ere ez genuen gehiegi sinesten formatu horretan, baina ez zegoen besterik. Unea iritsi zaigu geuk erabakitzeko eta guretzat askoz ere kuttunagoa da gure musika biniloan ateratzea. Beste gorputza du horrela kaleraturiko musikak, beste kontzeptua da. Ez gaude teknologia berrien aurka; CDa oparitu egingo dugu biniloarekin, eta bideoak eta bestelako baliabideak barra-barra erabiltzen ditugu geure web orrian.

-Baina diskoa ez da prest egongo gaur gauerako...

Zoritxarrez. Txekian egin dugu, eta arazoak izan ditugu diseinuarekin. Pena da, gaurko jai berezian salgai jarri nahi genuelako.

-Zergatik izango da berezia gaurko jaialdia (Bidehuts gaua)?

Zoragarria da guretzat lau taldeok elkartzea. Hilabeteak dira prestatzen ari garela.

Loturak:
- "Hazi izan", "Gronhölm" diska berriaren aurrerapena - Inoren Ero Ni [MySpace]
- Berria
- Bidehuts