negugorriak.net
             
 





[+ berriak]
06/02/07 [Mikel Lizarralde / BERRIA]
AHTren kontra, "bai noski"





























 
 
Abiadura Handiko Trenaren kontrako Azkoitiko jaialdian parte hartu dute Fermin Muguruzak, Ruper Ordorikak, Anarik, Joseba Tapiak, Gorka Urbizuk eta Maialen Lujanbiok.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak «azkoitiarrak, azkoitiarrek eta azkoitiarrok» (sic) agurtu ditu, eta Abiadura Handiko Trenak herriari nahiz Euskal Herriari oro har ekarriko dizkion onurak azaldu dizkie oholtza gainetik. Erreferendum hipotetiko batean boza emateko papertxoa ere eman die. «XXII. mendera eramango duen AHTrentzako Y trenbide berria egitearen aldekoa zara?» galdetzen du Jaurlaritzak papertxotik. Erantzunek, berriz, ez dute aukera askorik uzten. «Bai» lehenengoa. «Bai, noski» bigarrena.

Instituzioek herriari hitza adierazteko uzten dioten tarte txikiaren parodia dibertigarria bihurtu zen herenegun iluntzean Azkoitiko Matadeixen AHTren aurka antolatutako jaialdia. Ibarretxeren klon batek egin zituen aurkezpenak, eta bere graziarekin, une batez emanaldiko izar bilakatu zen, nahiz eta musika jaialdia izan.

Izan ere, musika bai, baina hitza ere protagonista bilakatu zen ekitaldian. Eta hitza hartu zuen Maialen Lujanbiok -Joseba Tapiak lagunduta- Mikel Laboaren Sorterriko koblei tiraka AHTren eta desarrollismoaren aurka egiteko. Joseba Tapiak, bestaldetik, non zegoen gogoratu eta Loiolako porrusalda-ri ekin zion, «Inazio donearen» gainean Koldo Izagirrek idatzitako hitzekin lagunduta.

Anarik Leonard Cohenen kantu ederrenetako bat eraman zuen bere eremura (Chelsea hotel), eta kapitalismo-desarrollismoari buruzko hitz batekin jantzi, eta Gorka Urbizuk, berriz, Pedro The Lion taldearen doinu bat moldatu zuen «aurreko egunean idatzitako hitz batekin». Lehenengo aldia zen bakarrik aritzen zena, eta herabe ekin zion lanari. Ruper Ordorikak, berriz, azken diskoko Hondartza galduan eta Ene begiek klasikoa jo zituen. Gitarrarekin lagunduta. Fermin Muguruzak, azkenik, New Orleansera eraman zituen ikusleak, musika beltzean oinarritutako bi kanturekin.

Artisten denbora amaitua zen, baina beste artista batek ere igo behar zuen artean eszenatokira. Orquesta Mondragonen Viaje con nosotros-en bertsioa (Etengabeko bidaia) ondu baitzuen Javier Gurrutxagaren klon batek argiak huts egin zuen arte.

Loturak:
- AHT EZ Lurraren defentsarako gunearen webloga
- Fermin Muguruza, Xabi Solano eta Jon Elizalde. Azkoitiko Matadeixen (07/02/04) [YouTube]
- AHT EZ GUNEAren aldeko jaialdiaren argazkiak [Flickr]
- Berria