Zenbat gauza aldatu
diren 2001ean lehen aldiz oholtza baten gainera
igo ginenetik!. Onerako beti ere, jakina.
Hirukotetik boskotera. Bizirik dena beti etengabeko
mugimenduan da. Proiektuak burutu ahala bide
berriak begiztatzen ditugu, ilusioz, gogoz,
indarrez egunerokotasunean.
Zazpi urteko arrastoa dugu atzetik,
lau diska (Meatzaldea 2001, Euria ari duela
2003, Toulouse 2004, Baleike 2006),Antzerkiola
Imagionarioa eta PCs de Colores taldeekin
elkarlanean antzezlan musikatu bat (Ezekiel)
eta atzerrian (Suitza, Serbia, Kroazia,
Alemania, Cuba, Italia, Japonia, Frantzia,
Espainia) nahiz etxean, hainbat bira eta
kontzertu dira emaniko fruituetako batzuk.
Agian egiatik hurbilako legoke orain arteko
bidean harturiko fruituak direla esatea.
Eginiko lan bakoitzak jarritako ahalegina
mila eratara bueltatzen baitu beti.
2007. urtea orain arteko bidelagun,
taldekide eta betirako adizkide izango den
Gorka-ren agur urtea izan da. Bereak dituen
arrazoiak direla medio zazpi urteren ondoren,
abuztuan taldea uztea erabaki baitzuen.
Asko da berak taldeari emandakoa eta handia
utzitako hutsunea. Zorterik hoberena berarentzat!
Baina -badakizue- bizirik den oro
beti da etengabeko mugimenduan. Abuztutik
eta urtea bukatu arte eman ditugun 14 kontzertutan,
Iban Zugarramurdi izan dugu baterian bidelagun.
Plazer handia izan da, Iban, mila esker.
Zorterik hoberena zuei ere zuen proiektu
berrian: Aupa Esne Beltza.
Oraindik gazte den 2008 hau berriz
taldekide berriaren urtea da, ilusio berriztatuz,
gogo indartuz eta ideia berrien leherketez
hasi duguna. Bateria eta sagarroi berria
Iban Larrebouru Hendaiar gaztea dugu. Apiriletik
aitzinera zuzenean gurekin izango da, eta
furgonetan, eta biretan, eta parretan, eta
eztabaidetan… Ongi etorri, Iban.
Baina bizirik den oro beti da etengabeko
mugimenduan. Beti izan gara “ezin
soseau” jendeak osaturiko taldea.
Eta urte hasieratik honera, taldekide berria
prestatu bitartean ixilik gaudela ematen
badu ere, taldekide bakoitzak proiektu pertsonalak
aurrera eramateko probeztu du. Honako hauek
hain zuzen ere:
Mirenek Trahumantes konpainiarekin
batera monologo bat prestatu eta taulatu
du, “Crónica de una noche abierta”.
Emanaldi pila ari da ematen eta aktorea
bezala “Escena siglo XXI” ren
berrikuntza saria jaso du lan honengatik.
Iñigo otsaila honetan aita
izan da berriz, bere bigarren alaba Iraia-ren
jaiotza izan dugu urteko berririk hoberena
dudarik gabe. Honetaz gain Sagarroiren disko
berrirako abestiak prestatzen dihardu eta
gehiago argitu ezin dugun arren esan, abestiak
ez diren beste zerbait ere idazten eta prestatzen
ari da.
Asierrek ere hainbat alor batzen
ditu bere baitan. Besteak beste Ander Lipus
aktore eta zuzendariaren lan berrirako,
“Hala mintzatu zen zappratusta”,
musika sortu eta grabatu du. Gainera antzezlanean
taula gainetik zuzenean sortzen du musika.
Eta nork daki Ondarruko alde zaharrean
duen estudioan gertatzen denaren berri.
Pintzel, lientzo, magnetofono, grabazioko
estudio mugikor eta hainbat instrumentuen
artean.
Karlos-ek ere teknologiak emaniko
aurrerapen eta erraztasunak bere eginez
grabazio estudio txiki bat prestatzen dihardu
bere etxean bertan. Abestiak sortu eta grabatzen,
soinuaren alkimista, sortzen, jolasten,
ikasten. Nork daki, agian, zergatik ez,
akustikoa izango den disko berriaren habia
prestatzen.
Horrela ba, honetantxe gaude oraintxe
bertan. Iban taldekide berriarekin entsaiguak
egiten. Apirilerako zuzenekoa prestatzen,
gogotsu eta eszenatokietara saltatzeko desiratzen.
Jarraian ematen dizuegu zehaztatuak ditugun
kontzertuen berri. Zuzenean ikusten gara,
besarkada bat.