negugorriak.net
             
 





[+ berriak]
08/03/03 Ainara Lasa
Desertua erditu da: Sorkun&Vicepresidentes





























 

Sorkun & Vicepresidentes - Goiz Zen
 
Sorkun
Kashbad-ekin egindako bidearen ondotik, “Onna” bakarkako lehen diskora eta handik “Duna”ra bidaia, musikari lehen ez bezalako ezaugarriak inprimatuz.

“Duna”-tik bi urte t’erdira dator Sorkun & Vice Presidentes. Egarriak desertura eraman ditu eta Sorkunen ahotsak beste dimentsio bat hartu du. Ezbairik gabe, euskal musikagintzaren ahotsik preziatuenetarikoaren kotsolidazioa.

Vice Presidentes
2007ko maiatzean hasi zuen bidea taldeak. Eskarmentu handiko 3 musikari; Kanda, Atxus eta Home. Sorkun eta Neubat taldeetako kideak hiruak. Lehengoaz gain, eremu berrietan igerian hastea erabaki zuten, Vice Presidentes sortuz.

Garrazkeria muturreraino eramaten duen talde honek, ez dizu ia arnasa tarteko astirik ere utziko. Abiadura geldiezin batean lasterka somatuko duzu zure burua. Basakeria gordinik samurrena. Bizio guztien gotorlekua.

2007ko urrian argitaratu zuten "Basque Street Boys". Abiadura, pixua eta energia batzen dira Vice Presidentes taldearen lehenengo diskoan. Sorkun & Vice Presidentes-en ere une oro sentituko dituzu.

Sorkun & Vice presidentes
Basamortutik, desertura. Disko honetan ez dago dunaren zetazko laztanik.

Deus ez omen den lekuan, desertuaren barrunbeetatik lehertzen da bizia.

Desertua erditzen da, erraietatik datorren ahotsaz, sabeleko egia pisuzkoenei leku eginez. Eta erditzen da minez baina indarrez, jakinik bera dela bizia. Gero dena dago bare.

Dena tindatzen da urre kolorez. Sotiltasun sendo batek biltzen du guztia, desertuan marka utziz.

Hegan eta preso, arin eta astun. Kontrako elementuen kontziliazioa.
Kontrako sentimenduak elkarbizitzen dira. Aske.

Ohartzerako ohiuka ari zara, desertuaren lenguaian, jatorrizkoa bazina legez.
Zu ere erditzen zara.

Desertuko eguzkiaren izara laranjapean lasterka zabiltzala ohartuko zara, mundua irentsi nahian bezala.Beste garai bateko hotsak eta ahotsak etorriko zaizkizu gogora. Kashbad. Dena biltzen da lurraren kolorez.

Rock klasikoaren doinu garratz astunek biltzen dituzte diskoaren lau hertzak. Rock astunenenaren amorruak laztanduko zaitu.


Taldean landu den diskoa da Sorkun & Vice presidentes-ek aurkezten diguten hau. Ondoan izan dituzte:

"Death Song", diskako bigarren kantuan, Waxy taldeko Landerra Indio apatxea. Kantuaren sarreran, keinu bat baino askoz gehiago den ekarpenarekin.

"Bi gizonak" kantuaren musikarekin egin dio bere ekarpena diska honi Ivan Ruiz Martin gitarrajoleak (Moksa).

Alfredo Hernandez ( Kyuss, Qotsa eta Yawning Man) baterian "Lekitxotik" kantuan. Desertuaren marka.
Steel gitarrarekin Robbie Owen, disko honen ekoizlea baino gehiago, Cambio Climático kantuan.
Lander Garrok jarri dizkio hitzak "Bi gizonak" kantuari
Belu Ansotegik jantzi du letraz "Lekitxotik".

Enlaces:
- Sorkun [MySpace]
- Vicepresidentes [MySpace]
- Sorkun&Vicepresidentes [Talka.org]